Itsaspeko zinema zikloa hasi da

Txintxarri Aldizkaria 2016ko ots. 8a, 21:17
Sei lan ikusi dituzte Manuel Lekuona kultur etxera gerturatu diren herritarrak. David Sanchez Carretero lasarteoriatarren 'Motivos para bucear en el Cantábrico'

Donostiako Itsaspeko Nazioarteko Zikloaren barnean, zenbait film eta film labur proiektatuko dituzte Lasarte-Orian. Danok Kide guraso elkarteak antolatuta, hamargarrenez ekarri dute jaialdia herrira.

Aurkezpenean David Sanchez Carretero herritarrak hitz egin du. Azpimarratu du errekurtso gutxirekin ere lan politak egin daitezkela. 'Motivos para bucear en el Cantábrico' film laburra grabatzeko erabili zuen bideokamera erakutsi zien bertaratutakoei. Bere ustez, gakoa "gogoak eta pasioa izatea" da. Kantauri itsasoan aurki daitezkeen parajeak eta fauna jaso ditu Sanchez Carreterok bere lanean.

Beste bost lan ikusi dituzte. UNICEF-en 'Creemos en cero' film laburra, Dany Aldayaren 'Carmen', Pepe Esteban-en 'El Arrecife de coral', 'Edless' musika lana eta Jorge Candanen 'El legado de las rías gallegas' film luzea. Aipatzekoa bigarrenaren istorioa. Carmen ia 80 urte dituen emakume granadarra da. Urpekaritza 70 urte baino gehiagorekin ezagutu bazuen ere, ia egunero joaten da uretara. Bere pasio bihurtu da, eta zahartzaroan ere zaletasun berriak aurki daitezkeela erakusten du. Lau urtetan 460 alditan baino gehiagotan murgildu da uretan, eta bere lagunek azaldu dutenez, "urduri jartzen da astebetean ez badu urpekaritzarik egiten".

Bi sesio gehiago

Datorren bi astelehenetan ere Itsaspeko Zinemaren Zikloarekin gozatzeko aukera izango dute lasarteoriatarrek. 15ean, besteak beste, euskarazko 'Ruta Molucas' proiektatuko dute. Indonesiako Molucas irletako uharrio tropikalen inguruko lana da. 22an, aldiz, 'Uharrioak, bizitza-oasia' film luzea ikusi ahal izango da.