Itsasoko kolore eta doinuez bete dira kaleak

Txintxarri Aldizkaria 2016ko ots. 6a, 21:15
Inauteriek aurrera darraite eta konpartsek ez dute etenik izan. Bazkaldu ondoren, Okendo plazan batu eta desfilea egin dute erdialdeko kaleetatik barrena. Herritar ugari hurbildu da haiek ikustera.

Antonio Merzero plazako karpan izan diren herritarrek bazkal oste ederra izan dute, Gazte klubeko gaztetxoen Super Bingoa. Norbaitek bingoa abestu arte, Gazte klubeko gaztetxoek zenbakiak atera dituzte. Opari ederra izan dute irabazleek gozo-eltze bat.

Bingoa amaitzean, gaztetxoek izan dute aukera gozo-eltze bat puskatzeko. Hainbat kolperen ostean, hau puskatzea lortu dute.

Bien bitartean, konpartsak desfilerako prestatzen joan dira. 

Larramendizaleak, Zabaleta auzoko kideak, Zentro zibikoko emakumeak, Tekilak, Nahaste Borraste, Jalgune, Ttakun, Intzak Parrandan, Elkar eta Erketz izan dira haien doinu eta dantzekin erdialdeko kaleak girotu dituzten taldeak.

Piratak, urpekariak, egiptoarrak, surflariak...desfilea ikusten ere gazte zein heldu talde mozorrotuak izan dira. Herritar ugari bildu da kaleetan batez ere, Kale Nagusi, Geltoki kalean eta Okendo plazan. Konpartsen erritmora dantza egin dute askok. Elebeltz Topagunearen aldeko batukadak ere bat egin du desfilearekin une batean.

Desfilea amaitzean, Zabaleta auzoko lagunek antolatutako txokolate janaz gozatu ahal izan dute konpartsetako kideek.

Dantza egiteko gogoekin geratu denak ere, Bide Batez taldearen eskutik jaia jarraitzeko aukera izan du.

Gauean, 23:00etatik aurrera, Antonio Merzero plazako karpan DJ Jotatxo izango da. Ordu txikiak arte egon ahalko da.

Arratsaldeko argazki galeria desfileko irudiekin multimedia atalean.