Ipar Martxaz gehiago jakiteko ikastaroa

Txintxarri Aldizkaria 2017ko ots. 17a, 11:30

Ostadar SKT-k kirol modalitate hainbat hartzen ditu bere baitan; Ipar Martxa horien artean.

Gorakada nabaria izaten ari da Lasarte-Orian kirol modalitate hau; geroz eta herritar gehiago ikus daitezke hirigunetik kanpo geratzen diren bideetan oinezko ibilbideak egiten. 

Aurtengoan, bigarrengoz antolatzen du Ttakun Kultur Elkarteak Ipar Martxa ikastaroa. 'Fisikoki, gihar, bihotz eta psikomotrizitatea lantzeko oso kirol teknika eraginkorra da', adierazi dute antolatzaileek. 

Ikastaroa lau saiotan banatuko litzateke, eta saio bakoitzak bi ordu eta erdiko iraupena izango lukete. 
Lehena, Martxoaren 7an izango litzateke, asteartez. Hau goizeko 09:15 etatik 11:45tara egitea aurreikusi dute antolatzaileek eta Junkal Perez izango da hezitzailea.

Bigarren saioa, martxoaren 11ean, larunbata izango da eta hau ere goizez; 10:00etan hasi eta 12:00ak bitarte iraungo du Alex Ramosek gidatutako saioak.

Hirugarren saioan Rosa Ormazabal arituko da hezitzaile lanetan, eta martxoaren 14an izango da; asteartea, arratsaldeko 17:30etatik 20:00tara.

Laugarren eta azken saioa Martxoaren 18an, larunbatez eskainiko da eta goizez izango da saio hau ere; 10:00etan hasi eta 12:30ak bitarte eta Begoña Morianak gidatuko ditu parte-hartzaileak.

Saio horiek guztiak, bi modulutan banatuta eskainiko dira; kirol modalitatearen alde teknikoari eskainiko zaio saioaren denbora-tarte bat eta ibilbidea egingo da gero. Saio horiek, Atsobakar auzoko parke inguruetan egin asmo dituzte, eta eguraldiak lagunduko ez balu, Trinketen izango dira saioak.

Ikastaroan parte hartu ahal izateko izen-ematea zabalik dago jada. Horretako, Ttakun Kultur Elkartetik pasa behar dute ikastaroan interesa dutenek.

Prezioari dagokionean, bi kuota ezberdin finkatu dira ikastarorako; Ttakuneko bazkide diren parte-hartzaileek 9 euro ordaindu beharko dituzte, eta bazkide ez direnek aldiz, 12 euro. Izen ematean ordaintzen duten parte hartzaileek izango dute lehentasuna. 

Ikastaroa aurrera eraman ahal izateko baldintza bat dago ordea; gutxiengo lau parte hartzaile elkartu beharko lirateke saioak egin ahal izateko. Parte-hartzaileen gehiengo kopurua ere zehaztu dute; hamabi pertsona.

Ikastaroa euskaraz
Antolatzaileek jakitera eman duten moduan, martxorako aurreikusitako Ipar Martxa ikastaroa euskaraz emango da.

Aisialdirako aukera paregabea
Jendea ezagutu, taldekideekin harremana sortu, solasaldiak izan eta beste hamaika aukera aukera eskaintzen ditu kirol modalitateak.

Parte hartzera animatzeko deia
Heldu zein gazte, emakume ala gizon herritarrak animatu nahi dituzte kirol teknika berritzaile honetan parte hartzera. Aditzera eman dutenez, orain arte sortuta dauden Ipar Martxako bi taldeetan, gizonen aldean emakume parte hartzaile gehiago dira eta hori parekatzeko,  gizonezkoei ere deia luzatu nahi diete antolatzaileek, baita gazteei ere.