Intza KEko seniorrak Lehenengo mailara

martin-vicioso 2015ko aza. 22a, 20:35
Primerako partidua egin eta gero, Intza KEko pilotariek Gipuzkoako seniorren Lehenengo mailarako txartela lortu dute. Artetxe eta Elola sendo aritu ziren neurketa osoan zehar, eta erosotasunez lortu zuten euren helburua. Bigarren mailako txapela Azkoitiaren aurka lehiatuko beharko dute orain.

Pozik atera ziren lasarteoriatarrak Usarrabi pilotalekutik ostiralean. 2016an Lehenengo mailan aritzeko eskubidea zegoen jokoan, eta Intza KEko pilotariek ez zuten huts egin. 22-12 irabazi zieten Asteasuko Atzapar klubeko Urbietari eta Iruretagoyenari.

Oreka lehen tantoetan

Ez lasarteoriatarrek ezta astasuarrek ere ez zuten partidua hasieratik menperatu. Pilotalekura eta materialera egokitzeko denbora behar izan zuten bi bikoteek, nahiz eta Artetxek eta Elolak bi tantoko aldeari eutsi zioten norgehiagokaren lehen zatian.

Atzapar taldeko pilotariek partiduari buelta ematen saiatu ziren eta markagailuan aurretik jartzea lortu zuten. Hala ere, denbora gutxiz gozatu ahal izan zuten abantailaz.

Sendo eta eroso

Zortzinakotik aurrera, haizea alde eduki zuten Intza KEko pilotariek. Elola nagusitu zen atzean, eta astesuarrek ez zuten erantzunik aurkitu. Artetxe ere gehiago askatu zen, txokoan eginiko dejadekin. 
15 eta 9ko aldea lortu, eta ez zirudien partiduak alde egingo zienik. Asteasuarrek pilota biziagoarekin saiatu ziren , baina ez zen nahikoa izan. 

Apaingarri gehiegirik gabeko garaipena izan zen. Sendo aritu zen bikote lasarteoriatarra partidu osoan zehar, eta hori izan zen gakoa.

Finala, Zegaman

Txapelketari azken zertzelada ematea falta zaie oraindik. Igoera finkatuta duten arren, Azkoitiaren aurka lehiatu beharko dira Bigarren mailako txapela irabazi ahal izateko. Fase erregularrean, Azkoitiko Gurea Pilotalekuan Artetxek eta Elolak 22-18 galdu zuten Unanueren eta Iparragirreren kontra. Oraingoan, berriz, Zegaman ikusiko dute elkar.

Atzaparko pilotariak ostiralean galdu izanagatik ere, Lehen mailan arituko dira hurrengo urtean. Izan ere, beste finalerdian bergaratarrek eurek baino tanto gutxiago egin zituzten.