Intza eta Santa Ana pala Txapelketako antolatzaileekin hitzarmenak

Txintxarri Aldizkaria 2015ko uzt. 3a, 10:07
Udalak Intza Kirol Elkartea eta Santa Ana Pala Txapelketaren Batzorde Antolatzailearekin hitzarmenak sinatu ditu. Honakoak kirol ekitaldietan elkarlana erregulatzeko helburuarekin sinatu direla azpimarratu du alkateak.

Jesus Zaballos alkateak, eta Jose Felix Solanok , Intza Kirol Elkartearen izenean, Gipuzkoako Herrien Arteko Esku-pilotako Txapelketan Lasarte-Oriaren parte-hartze hitzarmena sinatu dute. Lankidetza honetarako, Lasarte-Oriako Udalak 2015. urtean gehienez ere 800 euroko diru-laguntza emango dio Intzari. Jokatutako kanporaketa bakoitzeko gehienezko laguntza 400 eurokoa izango delarik. Intzak bere aldetik, honako konpromisoak hartu ditu:

- Lasarte-Oriako taldeak Gipuzkoako herri arteko esku-pilota txapelketan parte hartzea antolatzea.

- Aipatutako txapelketan parte hartuko duen Lasarte-Oriako taldea osatuko duten kirolariak aukeratzea, betiere inolako diskriminaziorik egin gabe, arrazagatik, erlijioagatik, klase sozialagatik edo beste arrazoi ideologiko batzuengatik.

- Lasarte-Oriako taldea osatzen duten kirolariak modu egokian prestatzeko beharrezkoak diren entrenamenduak antolatzea, aipatutako txapelketan herria duintasunez ordezkatu dezaten.

- Txapelketan parte hartzeko beharrezkoa den kirol materialaren erosketa, erabilera eta zaintza antolatzea.

- Udalaren Kirol Zerbitzuekin koordinatuz, Lasarte-Oriako udalaren kirol instalazioetan jokatuko diren partiden egutegia prestatzea.

- Erantzukizun zibileko aseguru bat edukitzea, kopuruz 300.000 eurokoa, bertan parte hartzen dutenen ekintzak aseguratuko dituena.

Bestalde, Jesus Zaballosek eta Xenki Astiazaran, Santa Ana pala txapelketako batzorde antolatzailearen izenean, 2015 urtean Santa Ana Pala Txapelketaren antolaketari laguntza eta sostengua emateko hitzarmena sinatu dute.

Lankidetza honen bidez, Udalak 2015.urtean gehienez ere 2.414,50 euroko diru-laguntza emango dio Santa Ana Pala Txapelketaren Batzorde Antolatzaileari. Batzorde Antolatzaileak bere aldetik, honako konpromisoak bete beharko ditu:

- Herriko Santa Ana Pala Txapelketa antolatzea.

- Aipatutako txapelketan parte hartzeko aukera irekitzea, betiere inolako diskriminaziorik egin gabe, arrazagatik, erlijioagatik, klase sozialagatik edo beste arrazoi ideologiko batzuengatik.

- Txapelketa osatzen duten kirolariak modu egokian parte hartu dezaten beharrezkoak diren partidak antolatzea.

- Txapelketa garatzeko beharrezkoa den kirol materialaren erosketa, erabilera eta zaintza antolatzea.

- Udalaren Kirol Zerbitzuekin koordinatuz, Lasarte-Oriako udalaren kirol instalazioetan jokatuko diren partiden egutegia prestatzea.

- Erantzukizun zibileko aseguru bat edukitzea, kopuruz 300.000 eurokoa, bertan parte hartzen dutenen ekintzak aseguratuko dituena.

Horrela izanda, aldeak gustura azaldu dira sinatutakoarekin eta lanean jarraitzeko babesa garrantzitsua dela azpimarratu dute.