Zubietako erraustegirako beharrezko ingurumen baimenak eman dizkio Jaurlaritzak GHKri

Txintxarri Aldizkaria 2016ko api. 28a, 13:15
Eusko Jaurlaritzak Zubietako errauste planta eraikitzeko beharrezko ingurumen baimenak eman dizkio GHK Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoari. Egitasmoak azken urteetan "aldaketa nabarmenik" eduki ez duela ebatzi du; hortaz, 2010eko baimen berak erabili ahalko ditu GHK-k.

BERRIA egunkariak gaurko alean jasotzen duenez, Jaurlaritzak Zubietako erraustegirako beharrezko ingurumen baimen bateratua (IBB) eta ingurumen eraginaren deklarazioa (IED) eman dizkio GHKri. Martxoaren 18an egin zuen eskaera partzuergoak, eta handik bi astera -apirilaren 11ko data du ebazpenak- erantzun Jaurlaritzak: ebatzi du GHKren egitasmoak ez duela aldaketa nabarmenik jasan azken urteetan, eta erabili ditzakeela aurreko baimenak; 2010ekoak, hain justu. 

BERRIAk argitaratutako informazioan zehazten denez, GHK-k maiatzean egin nahi du lizitazioa, eta horretarako "beharrezkoak" ditu ingurumen baimenak. Jaurlaritzak hiru hilabeteko epea zeukan erantzuteko; bi aste nahikoak izan ditu IBBa eta IEDa emateko Zubietako errauste plantari.