Iñaki Balerdi eta Argi Iturralde gogoan

Txintxarri Aldizkaria 2015ko ots. 28a, 17:06
12 urte igaro dira Juankar Balerdi presoaren ama eta anaia auto istripuz zendu zirela. Ostiral iluntzean gogoratu zituzten Okendo plazan lagun, senide eta dozenaka herritarrek.

Elkarretaratzean, Presoen Lagunak taldeko kideek hartu zuten hitza: “Argi eta Iñaki inposatutako bidaia bat egitera joan ziren, espainiar agintariek euskal presoen senide eta lagunen aurka ezarritako neurri errepresibo bat jasatera, dispertsio eta sakabanaketa politika alegia".

Ezbeharra gertatzean, “guztiz normala" den gauza bat egitera zihoazela adierazi zuten, “preso dagoen semea, anaia, bisitatzera joan ziren, EHn milaka pertsonak egiten jarraitzen duten bezalaxe”.
Era berean, gertaerak gertukoenak “latz, oso latz” kolpatu zituela gogoratu zuten: “Gaur ez daukagu oroimenean besterik, Juankarren eta haren senideen mina baizik”.

2003ko otsailean alderdi politiko “gehienek” hartu zuten jarrera ere kritikatu zuten elkarretaratzean: “Gertatutakoa baloratzean, beste auto istripu bat zela esan zuten, baina beraiek badakite, guk bezalaxe, ez zela 'beste bat' izan, sakabanaketa politikak baldintza guztiak jartzen dituela horrelako gertaerak emateko, propio eraikitako estrategia baten ondorio direlako”.

Argi eta Iñaki euren “ondare” direla nabarmendu nahi izan zuten ekitaldian: “Ez ditugu ahazten, ez ditugu ahaztuko. Gora Argi! Gora Iñaki!”, lau-haizetara oihukatuz amaitu zuten elkarretaratzea.