Ikastetxeak Inauterietan blai

Txintxarri Aldizkaria 2016ko ots. 5a, 19:15
Piratak, surfistak, itsasoko animaliak, euskal arrantzaleak, txantxoak... Lasarte-Oriako ikastetxeetara iritsi dira Inauteriak. Sasoeta-Zumaburu ikastetxeak eta Landaberri LH-k herriko gaiarekin bat egin dute eta itsasoa izan da protagonista. Landaberri Garaikoetxeako txikiek, aldiz, Euskal Inauteriak ospatu dituzte. Dantza, antzerkia eta musika izan dira nagusi.

Lasarte-Oriako haur eta gaztetxoek gaur arratsaldean Inauteriei hasiera eman diete. Gelan edo etxean prestatuko mozorroak soinean bereziki prestatutako dantza edo antzerkiak eskaini dizkiete senideei.

Itsasoa dantzan

Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko txiki zein gaztetxoak Sasoetako eraikineko patioan bildu dira.

Itsasoa gaia izaki, karramarro, olagarro, itsas-izar, pirata, sardinera, arrantzale eta urpeko ontzi berezi batzuk izan dira bertan.

'Under the sea', 'Piratas del Caribe', sardinera dantza edo 'Yellow submarine' doinuen erritmoa jarraikiz talde ezberdinek haien emanaldia eskaini dute.

Saioari amaiera emateko 'Parabara' dantza ere egin dute

Ostean, txokolate janaz gozatu ahal izan dute guztiek.

Euskal Inauteriak

Lantzeko inauteriak eredu, Landaberri-Garaikoetxea ikastolako ikasleak Txantxoz mozorrotu dira, eta Ziripot eta Miel Otxin ere bertan izan dira.

Euskal dantza ugari egin dituzte guraso eta lagunen begiradapean. 

Ohi bezala, ilargiaren eta eguzkiaren jarraitzaileen arteko talka antzeztu dute. Bukaeran, nola ez, Miel Otxin erre dute.

Jaialdiari amaiera emateko, gurasoak festara gehitu dira eta kalejira erraldoia osatu dute denen artean.

Inauterien olatua Landaberri LHn 

Irudimena itsasoko ura bezain fresko dutela erakutsi dute Landaberri LHko ikasle eta irakasleek: piratak, euskal arrantzaleak, itsasoko animaliak, bikingoak, surfistak, Titanic ontzi mitikoko tripulazioa eta bidaiariak...  Mota guztietako mozorroak soinean, emanaldi bizi eta koloretsua eskaini dute gimnasioko ikusleen aurrean.

Gelaz gela eta mailaz maila, ikasle denek hilabeteotan entsegatutako koreografiak dantzatu dituzte. Festari amaiera ezin hobea emateko, ikasleek kuttunena duten dantza: irakasleena. Euskal piratak irudikatu dituzte, eta altxorraren bila abiatu dira eta ikasleekin batera dantzatu dute bukaeran. 

Jaialdietako argazkiak eta bideoak gure galerietan ikusgai daude.