Ikastaro berriak emakumeen zentroan

Txintxarri Aldizkaria 2015ko api. 27a, 15:01
Lasarte-Oriako emakume zentroak bi kurtso berri eskaintzen ditu maiatzean. “Ezetz da ezetz, gureak kaleak eta gauak!!” da tailerretako bat eta bigarrena, “bikotean bizi, elkarbizitza hobetzeko tresnak”. Hauek doan dira eta lau eta hiru saiokoak izango dira.

“Ezetz da ezetz, gureak kaleak eta gauak!!” ikastaroak lau saio izango ditu  17:30etik 19:00etarako ordutegian hilabeteko asteazkenetan, maiatzak 6, 13, 20 eta 27.  Tailer honetan dauden indarkeria mota ezberdinak landuko dira, baita hauen jatorria ere. Parte hartzen duten neska eta mutilekin batera indarkeria matxistaren aurkako gida bat osatu eta San Pedro jaietan banatuko dela adierazi dute antolatzaileek.

Bigarrena, “Bikotean bizi, elkarbizitza hobetzeko tresnak” izango da. Honakoa hiru saioz osatuko da, ostiraletan 19:00etatik 21:00etara, maiatzaren 8an, 15ean eta 22an.

Ikastaroaren izenak dion bezala, bikotearen elkarbizitza izango du ardatz. Bikotea, emozioak, sentimenduak, afektua adierazteko eta garapenerako interakzio gunea da. Arrazoi hauengatik hain zuzen, zaila gertatzen da batzuetan adostasun batera iristea edo aukera berdintasunean oinarritutako elkarrizketak izatea elkarbizitza sinergikoa eta emankorra lortzeko. Tailer honetan gako batzuk emango dira bikotean elkarbizitza aberasgarria eta zoriontsua izaten laguntzeko.

Bi ikastaroak emakumeen zentroan egingo dira eta hauetan parte hartzeko aurrez izena eman beharko da 943 36 39 58 zenbakian edo emakumezentroa@lasarte-oria.org helbidera idatzita.