Igandean udal berria erabakiko da

Txintxarri Aldizkaria 2015ko mai. 22a, 11:35
Alderdiek kanpaina egin dute herrian jendea etxean gera ez dadin. Lasarte-Oria udalerri denetik bozka gehien jaso duen alderdia izan da PSE-EE. Azken legegintzaldian 7 zinegotzi izan ditu eta 2003an 10 zinegotzi izan zituen, inoiz lortu dituen gehienak. Guztira bost zerrenda aurkezten dira gurean aurtengoan, aurrekoetan baino bi gutxiago.

Azken lau urtetako udal gobernuaren osaketari dagokionez, PPk zinegotzi bat izan du, Vanessa Velez, Lasarte-Oriako herritarren Plataformak bi, Ana Prieto eta Juanjo Castro, EAJ-PNVk beste bi zinegotzi, Estitxu Alkorta eta Boris Nogales, EHBilduk bost, Pablo Barrio alkatea, Nerea Sanchez, Gorka Lizarraga, Taxio Arrizabalaga eta Alaitz Mendizabal. 

Azken hauteskundeetan, 7 zinegotzi lortu zituen PSE-EEk Jesus Zaballos, Lourdes Acevedo, Iñaki Mugika, Txus Alonso, Nerea Artamendi, Martin Moreno eta Marisa Zubiri. Azken honek alderdia utzi eta adskribatu gabeko zinegotzi bezala jardun da lau urte hauetan. 

Horretaz gain, Nerea Artamendiren ordezko sartu zen duela hilabete Fernando Escoriaza. 

Bestalde, badira hainbat berritasun herriko zerrendei dagokienean. Batetik Lasarte-Oriako herritar Plataforma ez da hauteskundeetara aurkeztu. Urte luzez egindako lana momentuz etetea erabaki dute nahiz eta eurek adierazi moduan, berriz beharra ikusten badute aurkezteko prest izango diren. Bestetik, azken urteetan aurkeztutako Ezker Batua Berdeak taldeak ez du hautagairik izango herrian. 
Guztira bost dira herrian aurkeztu diren zerrendak eta gainonetzako udalerrietan bezala, berrikuntza nagusia Lasarte-Oriak Ahal Du hautesle taldea da. 

Hauek ia 800 sinadura lortu zituzten hauteskundeetara aurkeztu ahal izateko eta udaletxean lekua izatea espero dute. 

Abstentzioa
Gainontzean, PP, PSE-EE, EHBildu eta EAJ-PNV dira herritarrek udalerako aukeran dituzten gainontzeko zerrenda eta programak. Alderdi bakoitzak bide ezberdinak erabili ditu herritarrengana jotzeko eta denek bat egiten dute jendea etxean ez geratzeko deian. 

Izan ere, abstentzioari dagokionez, 2011an %35,88koa izan zen, 2007ko emaitzarekin alderatuz hiru puntu txikiagoa baina 2003koa baino bost puntu altuagoa. Lasarte-Oria udalerri independente denetik, udalaren osaera jaso dugu. Horrekin batera azken hauteskundeetan alderdi bakoitzak jasotako bozkak edota sekziokako emaitzak. 

Batzar Nagusiak ere osatu behar dira eta honetan aukera zabalagoa dute herritarrek, Donostialdean, PP, EAJ-PNV, PSE-EE, EHBildu, C's, UPyD, Irabazi-Ganar Gipuzkoa eta Podemos baitaude.