Hiru txerritxoak, otsoa eta ikusle mordoa

Txintxarri Aldizkaria 2015ko ots. 21a, 21:12
Ikusmin berezia piztu da larunbat arratsaldeko antzerkia ikusteko. Ipuin klasikoek oraindik ere indarra badutela agerian geratu da gaur. Glu Glu konpainiaren 'Hiru txerritxoak eta otsoa' istorio eguneratuak Manuel Lekuonako areto nagusia bete du. Denera 434 sarrera saldu dituzte, kultura teknikarien esanetan, antzerkia ikusteko inoiz baino gehiago. Eguraldi txarra egiten zuela ikusita, auditorioko epeltasunaren aldeko apostua egin dute herriko txikitxoenek eta euren gurasoek.

Galder Perezek zuzendutako obra honek hiru txerritxoen istorioa kontatu du, baina ikuspuntu gaurkotuagoa emanda. Ipuin klasikoan oinarrituta badago ere, haurrei zuzendutako obra honi gaur egungo edukiak gehitu dizkiote. Besteak beste, komedia, jolasa, dantza eta abestien bitartez, XXI. mendeko hiritarren bizitza debertigarriagoa eta osasungarriagoa posible dela erakutsi dute hiru txerritxoak eta otso bihurriak. Oholtzan bakarrik ez, publikoaren artean ere nahastu dira txerritxo alaiak umeen algarak sortuz.

Ugaitz Alegria, Ylenia Baglietto, Jon Koldo Vazquez eta Andrea Covadonga antzezleen lanak herriko txikitxoen arreta bereganatu du eta adi-adi entzun dituzte hiru txerritxoen abenturak eta kalenturak. 

Antzerki egutegia
Martxoaren 6an, 20:00etan, Lan eta Lan herriko antzerki amateur taldeak 'Tartufo de moliere' antzezlana eskainiko du Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, sarrerak 3 euroko prezioa izango du. Martxoaren 7an, 17:00 etan hasita, 'Mollie malone' haur antzerkia eskainiko du Txalo produkzioak taldeak, euskaraz. Azkenik, martxoaren 14an, 20:00etan Korrika kulturalren baitan, 'Zu gabe' antzerkiaren estrenaldia izango dute herritarrek aukeran, euskaraz, Ate teatroaren eskutik. Gidoia Alex Tellok idatzitakoa da. 

Herritarrek beraz, datozen asteetan ere izango dute Lasarte-Orian bertan antzerkiaz gozatzeko aukera.