Hiru komertziotan lapurreta egiteagatik gizoneko bat atxilotu du Ertzaintzak

Txintxarri Aldizkaria 2015ko ots. 24a, 13:15
Goizaldean Ertzaintzak 46 urteko gizonekoa atxilotu du gurean ustez hiru komertzioetan lapurreta egin ondoren. Honek mailu batekin hautsi ditu dendetako leihoak lapurtzera sartu ahal izateko. Atxilotzerakoan, mailua kendu eta lapurtutako dirua, batez ere txanponetan, atzeman dio Ertzaintzak. 25 atxiloketa izan ditu gizonezko honek.

5:30ean Ertzaintzari abisua pasa zaio Kale Nagusiko denda batean lapurreta bat gertatzen ari zela salatuz. Lekukoek aipatzen zutenaren arabera, gizonezko batek ateko kristala hautsi ostean, lapurretan ari zela ikusi dute.

Bertaratutako Ertzainek ez dute komertzioan inor ikusi baina inguruan, ustezko lapurra aurkitu dute. 46 urteko gizonezkoak mailu bat zeraman eskutan eta odola zeukan, kristalak puskatzerako garaian mina hartuta. Gizona atxilotu eta Jaizkibel eta Andatza plazen inguruko beste bi dendetan lapurreta egin duela ikusi ahal izan dute. Ertzainek atxilotuari gainean zeraman dirua atzeman diote, ustez lapurreta hauetan ostutako dirua, batez ere txanponak. Eskuetan zituen zauriak sendatzeko, anbulatoriora eraman dute.

46 urteko gizonezko hau ezagutzen zuen Ertzaintzak izan ere, delitugile arrunta da eta 25 aldiz atxilotua izan da, azken 12 aldiak, 2015ean eta hain zuzen, Gipuzkoako herri ezberdinetako dendetan lapurreta egiteagatik Gipuzkoako herri ezberdinetan. Datozen orduetan epailearen aurrera eramango dutela aipatu dute Ertzaintzatik.