Herritarrak mobilizatzera deitu ditu Sarek

Txintxarri Aldizkaria 2017ko mar. 15a, 12:18
Atzo anbulatorioaren aurrean agerraldia egin zuen herriko Sarek. Herritarrak martxoaren 25ean Bagoaz-ek deitzen duen mobilizazioan, zein Gasteizen apirilaren 8an egingo den manifestazio orokorrean parte hartzera dei egin zuten.

Lasarte-Oriako Sarek agerraldiaren hasieran larriki gaixo dauden presoen egoera aipatu nahi izan zuen. Ixiar Arteagaren hitzetan “azken asteetan , arrazoi ezberdinak medio, larriki gaixo dauden euskal presoen gaia berriro albiste izan da”. Azaldu zuenez, Jaiki Hadi elkartearen azken txostenak “preso hauen kopuruak eginiko igoera ikaragarria nabarmentzen zigun, 22 euskal preso direlarik jada zerrenda hau osatzen eta 13 izanik zerrenda hau publikoki osatzen duten izen-abizenak”. Horretaz gain, “Aitzol Gogorza, Ibon Iparragirre, Manu Azkarate eta Oier Gomezen egoerak direla eta, alarma guztiak piztu dira eta hainbat herrietan aldarrikapen ekimen ezberdinak antolatu ditugu”. Azkenik azaldu zutenez, “gizatasunik gabeko IIPP espetxe erakundearen barne zirkular baten berri ere jakin izan dugu”.

Arrazoi hauek direla eta, “gizartearen aktibazio eta mobilizazio jendetsu baten premia dagoelakoan gaude”. 2016 bukaeran, eritasun larriekin espetxean zeuden euskal presoak 11 ziren eta egun 13 dira. “Azken asteetan Aitzol Gogorza eta Manu Azkarate ospitalizatuak izateak; Ibon Iparragirre birritan erasotua izateak edota aita bere alboan hiltzen ikusi ondoren, inolako artatze medikurik gabe Madrilera urruntzeak kezka eragiten digu. Hala ere, gaur Oier Gomez-en egoera larria nabarmendu nahi dugu. Oierren bizia arriskuan da . Metastasidun tumore txarra du eta bete egoerak mediku zaintza handia eskatzen duela azpimarratu dute. Presondegian egotearekin batera ezina dela dio mediku txostenak”.

Bestalde, aipatutako IIPP espetxe erakundearen barne zirkularrak “gure kezka gehiago areagotzen du bertan larriki gaixorik dauden euskal presoak, soilik heriotzaren atarian aurkitzean askatuko dituztela adierazten da”. Gogor salatu zuten azken hau.

Horrela izanda, herritarrak mobilizatzera deitu zituzten eta apirilaren 8an Sarek Gasteizen 17:30ean egingo duen mobilizazio orokorrean parte hartzera “Larriki gaixorik dauden euskal presoak etxera” lelopean.

Bestalde, martxoaren 25ean Bagoaz-ek deitzen duen mobilizaziora joateko autobusak eskualdetik aterako dira eta dagoeneko izena ematea dago Ilargi tabernan.

Mobilizazio gehiago egongo direla iragarri zuten Sareko kideek.