Pasa den ostiralean Bankinter-ek aditzera eman zion elkarteari enkantea bertan behera utzi eta hiru urtez hileroko txikiago bat ordaintzeko karentzia bat negoziatzeko prest zegoela, familiak bere etxebizitza eta bizimodu normala mantendu ahal izateko.
Azaldu dutenez, Susana eta bere senarrak dagoeneko enkantearen data ezarria zutenean jo zuten plataformara. Kaleratzeak Stop plataformak berehala hasi zituen banketxearekin hartu-emanak, eta ondoren Lasarte-Oriako alkatearekin, Jesus Zaballosekin, honi eskatu zitzaion banketxearekin bitartekaritza lanak eginteko, “enkantea geldiarazi eta familiarentzat bigarren aukera bat lortzeko”.
Helburua lortu da. Izan ere, PSE-EEk eta baita EH Bildu, Ezker Anitza, EQUO edota Podemos-ek etxegabetzeen eta pobreziaren aurkako dekalogoa sinatu dute eta euren udaletxeetan banketxeekin bitartekaritza lanak egin eta etxegabetzerik gabeko udalerri izendatzeko konpromisoa hartu dute. Susana eta Juan Carlosek euren hiru seme-alabekin bizirik irauten dute aldian aldiko lanei esker.
“Langabetuek, baldintza eskasetan lanean dabiltzanek, sasi-autonomoek, hondoa jotako enpresa txikiek, alargun eta erretiratuek (horietako asko pentsio oso txikiak dituzten berme-emaileak) osatzen duten gehiengo sozialaren adibide bat gehiago da familia hau”. Perfil hau duten pertsonak gerturatzen dira batez ere plataformara aipatu dutenez.
Amaitzeko, “dei egiten diegu mailegua ordaintzeko zailtasunak dituzten familiei lehenbailehen Kaleratzeak Stop plataformara jotzeko, amore ez emateko. Ez dira ezeren errudun, biktima dira. Errudunak elite ekonomikoak eta gehiengo sozialaren aurka gobernu ustelek egiten dituzten lege bidegabeak dira. Jakin behar dute ez daudela bakarrik, herri-mobilizazioaren indarra dugula, eta orain baita dekalogoari atxikimendua adierazi dioten alderdi hauen babesa ere, udaletxe berrietan dagoeneko garaipenak lortzen ari garelarik: etxe-gabetzeak eta enkanteak gelditu eta bigarren aukerak negoziatuz”.