Herriko lau ikastetxeek gogoz astindu zituzten danborrak arratsaldean zehar, eta gauean berriz Lasarte-Oriako danborradako kideen txanda izan zen (ATLO elkartekoak gehienak).
Herriko danborradako ordezkari horiek emanaldia eskaini zuten Zubietako Araeta jatetxean.
ATLO elkarteko lehendakari eta Danbor Nagusi Felix Telleriaren gidaritzapean, Raimundo Sarriegik konposatutako obretan oinarritutako ikuskizunaz gozatu zuten Araetara joan zirenek.
Emanaldiarekin hasi baino lehen afari eder bat egin zuten Lasarte-Oriako danborradako kideek, San Sebastian egunean ohikoak diren jakiez osatutako menua dastatuz. Afalorduan hartutako indarrak baliatu zituzten ondoren ordubetez danborrak astintzeko, gaueko hamabietatik hasita.
Araetara bertaratutakoek ikuskizunaz ederki gozatu zuten, giro ederrean, San Sebastian bezperako gauean.