Herriko artisten datu basea osatu nahi du udalak

Txintxarri Aldizkaria 2016ko aza. 29a, 16:19
Dagoeneko herriko asrtistek izena eman dezakete erregistroan euren datuak udalak izan ditzan. Alkateak azaldu moduan, etorkizunean herriko jai edota ekintzak antolatzerakoan kontutan hartuko da.

Jesus Zaballos alkateak, Gazteria eta Jaietako zinegotzi Txus Alonsok eta departamentuko teknikariek herriko artisten datu basea sortzeko udal erregistro berria aurkeztu zuten.

Alkateak iragarri zuen erregistroa zabalik egongo dela alor hauetan lan egiten duten artistentzat: musika, literatura, margoa, konposizioa, zinema, malabarismoa, abestia, dantza, bertsolaritza eta beste edozein diziplina artistiko. Lasarte-Oriak kultura alorrean duen aberastasuna azpimarratu zuen, pertsonei zein taldeei dagokienez.

Udalak artisten eta sortzaileen datu-base bat izan nahi du etorkizunean antolatzen dituen kultura eta jai arloko jarduerei begira erabiltzeko. Bere aldetik, artistei informazioa bidaliko die udalak departamentuetatik sortzen diren lehiaketen, lokal-uzteen edota proposamenen inguruan.

7.500 kartulina buzoneatuko dira herriko artistak beren datuak ematera anima daitezen. Erregistroan alta eman nahi duten pertsonak edo taldeak www.lasarteoriasarean.eu/artistak webean sartu eta haien izena, harremanetarako datuak eta aritzen diren diziplina zehaztuta utzi beharko dute, baita beren weberako lotura (baldin badute).

Kutur Etxean edo Gaztelekuan fitxa bat betez ere egin dezakete tramitea.