Hemezortzi lekuko aldaketa Korrikak herrian

Txintxarri Aldizkaria 2017ko mar. 31a, 11:57
Atzo eman zituen lehen urratsak Korrikak, Bizkaian. Otxandiotik abiatu eta Euskal Herria zeharkatzen ari da harrezkero. Asteartean helduko da Lasarte-Oriara eta herriko eragile ugarik eramango dute lekukoa Zubieta eta Usurbil aldera

2200 kilometro. Horiexek izango dira, hain zuzen, Euskal Herrian barrena euskararen lekukoa eskuz-eskuz igaroz aurtengo Korrikak egingo dituen kilometroak. Bizkaiko Otxandio herrian eman zituen atzo lehen urratsak, eta Euskal Herrian barrena dabil ordutik.

Apirilaren 4an helduko da Lasarte-Oriara. Donostiatik, Errekalde auzoan jasoko du lehen testigua Ttakun Kultur Elkarteak. Horrela, lehen kilometroekin kaxkora gerturatu eta hemezortzi kilometro egingo ditu lasterketak, gurean.

Ttakun Kultur Elkarteak Eraikin Adimendunen Garapen Iraunkorrari (EAGI) pasako dio lekukoa, herri sarrerako zubi azpian. Hauek, dagokien kilometroa egin ostean, Lasarte-Oriako Merkatarien Elkarteari, 'Aterpea'-ri pasako diete lekukoa  herri sarrerako letreroaren azpian.

Hauen zain izango dira bitartean Ostadar Saiarre Kirol Taldeko kideak eta Erketz Euskal Dantzari Taldekoak Donostia Etorbidean, Lanbide parean. Aipatu elkarte horiek, elkarrekin egingo dute herri barneko kilometroa.

Muntteri AEK euskaltegiaren txanda izango da gero. Hauek, Pintore kalean jasoko dute testigua eta Berasategi kafeak komertzio parean zain izango da LAB sindikatua. Bertan, langileen sindikatukoek lekukoa jaso eta Goiegi biderantz abiatuko dira. Han, herriko elkarte gastronomikoetako kideek jasoko dute testigua eta Pinutegi kale hasieran zain izango dituzten EH Bildu alderdikideek jasoko dute gero.
Horien ostean, kale berdinaren amaiera, Zabaleta Auzo Elkarteak ekingo dio lasterketari eta herriaren tontorretik beherantz eramango dute lekukoa. Horrela, Buenos Aires aldapa erdialdean, ikastetxeetako partaideek testigua jaso eta Buruntza kale hasieran egongo diren Sorgin Jaiak eta Xumela kantu taldeko kideengana eramango dute. Lekukoa pasa eta Udaletxe zaharrera iritsiko da gero. Bertan Udal ordezkariek hartuko dute txanda eta lasterketari jarraiki, Zumaburuko eliza alboan entregatuko diete testigua Dinbi Banda eta Kukuka  Antzerki eta Dantza Eskolako lagunei.

Jarraian, Txarteleko errotondara iritsi eta TSSTkoek jasoko dute lekukoa. Hauek, Oria Txikira heldu eta Argia aldizkariko kideekin elkartuta lekuko aldaketa egingo dute.

Azken kilometrotan sartuta, Otaegi, Izagirre/Nogues eta Gure Esku Dagoren txanda izango da gero. Hauek Oztarango zubi azpian jaso eta Biyak Bat egoitzan  entregatuko diete Pirritx, Porrotx eta Marimototx pailazoei. Hauek Euskotreneko errotondara helduko dira eta azken kilometroa egingo duten Landaberri Guraso Elkarteak jasoko du bertan testigua.