Haurren haserrealdiak kudeatzen ikasten

Txintxarri Aldizkaria 2016ko mai. 25a, 11:58
Gurasolandia egitasmoan parte hartzen ari diren zenbait gurasok –2 eta 3 urte bitarteko haurrak dituzten aita-amak dira– ikastaro interesgarria jaso zuten atzo arratsaldean Villa Mirentxun, Mireia Centeno psikopedagogoaren eskutik. 'Emozioak onartzen eta haserrealdiak kudeatzen' izenburupean, ikastarora bertaratutakoei euren seme-alaben senak eta emozioak ulertu eta bideratzeko hainbat gako eman zizkien.

Besteak beste, aipatu zien umeen “jarrera bortitzak” mugatu behar direla, “inoiz ez emozioak”. Haserretzerakoan, gurasoek “onartu” egin behar dute haurraren sentimendu hori, eta “gidari” izan.

Centenoren aburuz, umeen jokabide horri mugarik ez jartzeak ezin du zertan txarra izan, baldin eta segurtasunaren eta errespetuaren irizpideak urratzen ez badira. "Haurrak laban bat nahi badu, guk ezin diogu utzi, jakina, zauritu egin daitekeelako eta ez delako segurua; bestalde, haserretzen bada beste gaztetxo baten jostailu bat nahi duelako, ikusarazi behar zaio hori ez dela posible, beste pertsonarekiko errespetu falta bat baita".  

"Jaiotzetik gizakiok sen eta instintu batzuk ditugu; horiek egoki bideratzeak ahalbidetuko du haurren garapen emozionala egokia izatea", adierazi zuen Centenok. Instintu horien artean daude atxikimenduarena -gurasoekin kontaktu fisikoa mantendu beharra-, esplorazioarena -umeek beharra daukate gauza berriak miatu eta ikastekoa- eta agresibitatearena. 

Tailerraren antolatzaile den Ttakun KEko kideek jakinarazi dutenez, ikastaroan parte hartu zuten gurasoak “oso gustura” irten ziren astearteko ekitalditik.