Hau hasi besterik ez da egin

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urr. 24a, 04:01
Euskararen 9. Maratoia iritsi da 40. ordura. Baina ez pentsa bukatu egin denik, ezta gutxiagorik ere: hau hasi besterik ez da egin. Ahobizi eta belarriprestek ekin diote 40 eguneko erronka politari. Lasarte-Oria atera da armairutik, euskara lagun duela.

Ohartzerako, bete dira Euskararen 9. Maratoiaren 40 orduak. Baina ez da bukatu, inondik ere. Erronka hasi besterik ez da egin: ahobiziek eta belarriprestek 40 egun dituzte aurretik euskara are gehiago hauspotzeko.

Emozio nahasketa bat izan da amaierakoa. Alde batetik, zortzikoteko kideen hitz hunkigarriak, maratoian eta aurre-lanketan zehar bizitakoa oroituz, eta eskertzak emanez. Eta, bestetik, 40. orduari egin zaion harrera. Igande gaua da, bihar askok lanera joan beharko dute, baina horrek ez du inola ere eragotzi dantza, irribarre eta euskaraz eginez amaitzea asteburu zirraragarri hau.

Igande gaueko ekintzak

40. ordua iritsi baino lehen hainbat ekintza egin dira Okendon gauean zehar. Ehunka herritarrek afari legea egin dute plazako mahaien bueltan eseri eta Xabier Etxezarretak jarritako txekor errea janez. Postrerako, Goiegi jatetxeko sukaldari Juan Luis Eizmendik prestatutako jogurt goxoa.

Afaltzen hasi eta berehala, akro yoga egiten duten hainbat kide igo dira oholtzara, erakustaldia egitera. Harridura aurpegiz ikusi dituzte herritarrek akrobazia horiek. Bukatzean, SuBerri akordeoi taldeak pieza pare bat interpretatu ditu, maisuki. Ondoren, glamourra iritsi da plazara, Euskoscarren ekitaldiarekin. Hezkuntza produkzio onenaren saria Landaberri Ikastolak irabazi du, soinu bandarena Earra! Bertso Eskolak, eta aktore onenarena berriz, Ttakun Kultur Elkarteak. Horiez gain, zortzikoteko kideek ohorezko euskoscarrak banatu dizkiete Lasarte-Oriako euskalgintzan lanean diharduten elkarte eta eragileei.

Horren ostean, Alboka, Zero Sette eta Erketz taldeek emanaldi bateratua egin dute. Zortzi piezakoa izan da egitaraua: Moskorri, Kantauri, Arratsalde honetan eta Itsasoa gara, besteak beste. Eta, gero, arestian aipatu bezala, 40. orduari egin zaio harrera, eta festak eztanda egin du beste behin. Bihartik aurrera ez da karpa erraldoirik egongo Okendon, baina asteburuan bizitakoak luzaroan iraungo du herritarren buru eta bihotzetan.

Gaueko ekitaldien argazki galeria

Gaueko ekitaldien zenbait bideo

Amaiera ekitaldiaren zuzeneko emisioa