Harmailak barne hartzen dituen kirol gune berriaren alde

Txintxarri Aldizkaria 2017ko urt. 19a, 18:24
Lasarte-Oriako Udaleko EAJ alderdiak Atsobakarren eraiki nahi den atletismo, futbol eta errugby zelaiaren proiektua 'osorik' eraiki dadila aldarrikatzen du eta horretarako, Usurbilgo Udalarekin negoziazioan jarraitzeko eskaera egiten dio gobernu taldeari

Horrela adierazi dute EAJko alderdikide Estitxu Alkortak eta Jon Antxordokik gaur eguerdian, Atsobakar inguruko lur eremuan egindako prentsaurrekoan.

Auzo horretan eraiki nahi duten kirol instalakuntza 'osoa' egiteko, Usurbilena den lur eremu baten erabilpena egitea aurreikusten da, baina momentura arte, bi herrietako udalek ez dute akordio batera iristerik lortu.
Gauzak horrela, Lasarte-Oriako EAJ alderdikideek, lur eremu horren erabilera egin ahal izateko negoziazioetan jarraitzeko eskaera egin nahi izan diote Udal Gobernu taldeari. Adostasun batera iritsi ahal izateko beharrezkoa litzatekeen “kudeaketa lan ezegoki bat” egon izana argudiatzen du alderdiak, eta hori horrela izanik, ez dute bidezko ikusten beharrezko instalazio guztiak bat hartuko ez lituzkeen proiektu bat aurrera eramaterik. “Gobernu taldea Usurbilgo Udalarekin adostasun batera iristea beharrezkoa dela uste dugu, proiektua osorik eraiki dadin, eta ez erdizka”.

Egun, Lasarte-Oriako kirol-guneetan norgehiagokak aurrera eramateko eta kirol talde berriak sortzeko espazioaren aldetik dauden arazoei aurre egin nahian ideiatutako proiektua da Atsobakarreko lurretan eraiki nahi dena, eta beharrezkoa ikusten du alderdi jeltzaleak, behin eraikitzen hasita, beharrezkoak diren instalazio guztiak izango dituen kirol zelaia eraikitzea; futbol zelaia, errugbi zelaia, atletismo pistak eta baita ikusleei zuzendutako harmailen eremua ere.Guzti horiek eraikitzeko ordea, aurrez esan bezala, beharrezkoa litzateke Usurbilgo Udalarenak diren lur eremuen erabilpena eta ustiatzea.

Honekin batera, Estitxu Alkorta eta Jon Antxordoki zinegotziek gaurko agerraldian  azaldu moduan, ez dute Buruntzaldeko kirol hitzarmenetik ateratzeko inolako aukerarik  aztertuko. Hitzarmen horren bitartez, Lasarte-Oriako udal kirolguneetan harpidedun diren herritarrek, Astigarraga,Usurbil, Urnieta eta Andoaineko kirol guneak erabiltzeko aukera baitute, eta 'akordio batetara heldu hala ez, gure babes osoa emango diogu Buruntaldeko kirol hitzarmena mantentzeari'.
 

Ezezko borobilik ez
Momentura arte Usurbilgo Udalarekin lur eremua erabiltzeko akordiorik lortu ez bada ere, ezezko borobilik jaso ez dutela ere gaineratu nahi izan dute agerraldian.
Gauzak horrela, kirol gune berria eraikitzeko jeltzaleen bide bat negoziatzen jarraitzea da, baina saiakera horrek huts egin eta ez balute akordiorik lortuko,  kirol instalakuntza leku-mugitzea proposatuko lukete; orain arteko leku bera mantenduko lukete, Atsobakarreko lur eremua, baina Usurbilgo lursaila barne hartu gabe eraikitzea proposatuko lukete.
 

Adjudikazioa eginda 
Lasarte-Oriako Udalak  Sestra eta  Donostiako Ingeniería y Arquitectura, S.L. enpresei adjudikatu die Atsobakarreko kirol zelai berria egiteko planeamendua, oinarrizko proiektua eta exekuzioaren erredakzioa, 54.329 euroko zenbatekoarekin. Horrela eman du jakitera Udalak gaur eguerdian igorritako idatzi baten bitartez.