Hamarreko jaialdia hogeita bosgarren urteurrena ospatzeko

Txintxarri Aldizkaria 2016ko abe. 4a, 12:42
Mende laurdeneko ospakizun jaialdia egin zuen Jalgunek atzo, Manuel Lekuona Kultur Etxean

Abenduaren 3a Euskararen eguna izateaz gain, adimen urritasuna duten pertsonen eguna ere bada. Horregatik, eta noski, hogeita bosgarren urteurrena ospatuz, jaialdi ederra egin zuen atzo Jalgune Elkarteak, Lasarte-Oriako kultur etxean. 1991. urtean eman zituen lehen pausuak Jalgunek, eta orduaz geroztik, askotariko esperientziak bildu eta ezagututa, pausoka-pausoka, ibilbide luzea egin dute gaur egunera arte.

Hamarreko jaialdia antolatu zuten atzorako. Arratsaldeko seietan, udal musika eskolako trikitilariek, Manuel Lekuona inguruak girotu eta jaialdiari hasiera eman zioten. Ordu erdi beranduago, kultur etxeko aretoa jendez lepo bete eta ikuskizunari ekin zioten. Bi orduko emanaldi koloretsu eta alaia eskaini zuten Jalguneko lagunek. Mozorroak soinean zituztela, askotariko musika doinuak dantzatu eta abestu zizkieten ikus-entzuleei, eta giro ederrean, txalo zaparrada bero batekin eskertu zuen ikus-entzuleak emanaldian jasotakoa. Abestu eta dantzatzeaz gain, bideo laburren sorta bat ere izan zen ikusgai. Horietan, Jalguneko kideek egindako bidaiak, bisitatutako lekuak eta denbora guzti honetan bidelagun izan dituzten lagunekin bizitakoak ikusi ahal izan ziren. 

Herriko talde ezberdinen parte-hartzea

Herriko zenbait talderen parte-hartzea izan zen atzo, Jalguneren emanaldian. Besteak beste, 'Semblante Rociera' abesbatzak, abesti bat egin du elkartearentzat eta atzoko ekitaldian eman zuten ezagutzera. Honekin batera eta Jalguneren urtemugaren harira, ''Zorionak zuri' kanta ezaguna ere abestu zieten. Hauekin batera, Udal Musika Eskolako trikitilariekin 'Maite zaitut' abestu zuten. Baina 9. Euskararen Maratoiko kideak ere bertan izan ziren.  Hauekin, 'Bero-bero', 'Ahoa bizi, belarria prest' eta 'Safri Duo' abestiak dantzatu zituzten. Amaitzeko, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen 'Pausoka-pausoka' abestia dantzatuz eman zioten amaiera emaldiari protagonistek, eta ikus-entzuleen txalo zaparrada artean bukatu zen jaialdia.