Gurasoak preso dituzten haurren zama ikusezina

Txintxarri Aldizkaria 2017ko aza. 21a, 17:36
Dispertsioak haurrengan duen eragina bistaratzeko, Lasarteko Sarek manifestua kaleratu du: herriko hezkuntza alorreko 110 pertsonak baino gehiagok babestu dute. Zubimendi: "Salbuespeneko baldintzak haurren sufrikarioa areagotzen dute"

Espainiako espetxe politikak giza eskubide ugari urratzen ditu, baina orain arte gutxitan aztertu izan da haurrengan duen eragin kaltegarria. Haur eta nerabeen giza eskubideen nazioarteko eguna baliatu dute, hain zuzen, gurasoak dispertsatuta dituzten haurren sufrikarioa bistaratzeko. Lasarteko Sarek antolatuta, hezkuntzarekin zerikusia duten 110 pertsonak baino gehiagok manifestu bat sinatu dute, haurren eskubideak errespeta daitezen exigitzeko.

Astelehenean aurkeztu zuten manifestua, haurren eskubideen nazioarteko egunean, Manuel Lekuona kultur etxeko aretoan. Manifestua irakurri, Motxilak gora bideoklipa aurkeztu eta Motxilaren umea filma eman zuten. Amaitzeko, Araitz Zubimendirekin solasaldia egin zuten. Haurrek jasatzen dituzten ondorioak ikertu ditu Zubimendik Motxiladun umeak izenburupeko txostenean. Oso gertutik ezagutzen du gaia: alabak hiru hilabete zituenean sartu zuten preso.

Hiru eskakizun

Hiru "eskakizun argi" jasotzen ditu manifestuak. Batetik, haurrak dituzten gurasoei lege arrunta aplikatzen hastea. Horrek haurrak eta gurasoak denbora gehiagoz elkarrekin egotea ahalbidetuko luke, eta, ondorioz, hutsune horrek haurrengan duen eragina leunduko luke. Bestetik, jasotzen du gurasoen %33k zigorraren hiru laurdenak beteak dituztela, eta, horrenbestez,  “automatikoki” euren seme-alabekin etxean beharko luketela. Azkenik, epaiturik dauden gainontzeko gurasoentzat hirugarren gradua aplikatzea eskatzen du.

Manifestura atxiki diren 110 pertsonatik erdia baino gehiago irakasleak dira; izan ere, egunero ikusten dute gurasoak urrun dituzten gaztetxoen ezinegona. Lasarteko Sarek adierazi duenez, "pozgarria" da horrenbeste pertsonek babestea manifestua, kontuan hartua herri mailakoa dela.

Azken hamarkadetan ez zaio haurren gaiari sakonki heldu, hainbat arrazoirengatik. Zubimendik uste du umeak babestearren hartutako erabakia dela. "Horregatik, politika horien ondorioak ikusezinak izan dira orain arte". Zubimendik emandako datuen arabera, 18 urte bitarteko 113 haurrek dute aita, ama edo biak espetxean. Horietatik bederatzi dituzte biak preso; 95ek aita; seik ama; eta hiru haur preso daude kartzelan amarekin batera.

Zigor hirukoitza

Zubimendik azaldu duenez, haurrek "zigor hirukoitza" jasotzen dute, presoek dituzten salbuespeneko baldintzen ondorioz: lehenengoz, gurasoen gabeziarekin bizi behar dira; bigarrenez, gurasoak noizbait gertu izateko itxaropena ukatzen zaie, praktikan bizi osorako espetxe zigorrak direlako; eta azkenik, milaka eta milaka kilometro egin behar dituzte dispertsioaren erruz.