Igandeari hasiera bikaina emateko, hemeretzi bikotek Bakailao lehiaketan parte hartu dute. Goiz goizetik suak martxan izan dira pil pil erako bakailaorik gozoena prestatzeko.
Basque Culinary Centereko Ainhoa Ormazabal, Aiala eskolako Lordi Etxaondo, Hotel Londreseko Jon Mikel Ibero eta Eva Tames eta Auzolaneko Txemi Zulaika izan dira epaileak. Epaimahaiak ez du lan erraza izan. Sei onenak erabaki eta txapela Jexux Balerdik eta Xabi Pradak jantzi dute; elkarte onena, berriz, Arrieskalleta elkartea izan da.
Gaur ere danbor eta kupel hotsek burrunba egin dute Lasarte-Orian. Oraingoan etxeko txikiak eta gazteak izan dira Oria txarangak jotako doinuen erritmora jo dutenak. Okendo plazan hasi dira eta euria tanta batzuk erori arren, dotore danborrak jotzen jarraitu dute. Erdialdeko kaleetan barrena ibili dira guraso, senide eta lagunez inguratuta.
Bestalde, Voces del Ebro taldearen eskutik, Nafarroako, Aragoiko eta Errioxako jotez gozatu dute Isla plazara hurbildu diren herritarrek.
Honez gain, kuadrilla ugari bildu da Tximistarreta parkean. Txorizoa, haragia... erre usain gozoa jarri dute herritarrek bazkaria prestatzerakoan eta ederki gozatu dute guztia dastatzen.
Argazkiak ikusgai uztailaren 1eko albumean.