'Go!azen' antzezlana gurean

Txintxarri Aldizkaria 2017ko mar. 12a, 21:23
Herritarrek (gaztetxoenek bereziki) ederki gozatu dute 'Go!azen' telesail ezagunaren antzezlanarekin. Arratsaldeko bi emanaldiak hasi baino dezente lehenago ilara luzeak sortu dira Manuel Lekuona kultur etxe kanpoaldean.

Telesail formatuan bakarrik ez, 'Go!azen' sukarra ere hedatzen ari da herrietako teatroetako taula eta eszenatokietan. Gaur arratsaldean bi saio egin dituzte Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean. Duela egun batzuk agortu ziren bietarako sarrerak.

Basakabi udalekuetako istorioetan oinarrituta dago antzezlana. Markel (Asier Burguete), Gari (Aritz Mendiola), Elene eta Haizea (Paula eta Aitana Etxeberria) ahizpak eta Mikel (Markel Gajate) dira protagonista gazteak. Dena den, beti ari da euren urratsak kontrolatzen udalekuetako zuzendari 'Zuzen' (Ramon Agirre).

Gaztetxoenek primeran pasa dute euren idoloen gorabeherak gertutik ikusten. Aipatzekoa da gaurko bi emanaldiak hasi baino minutu dezente lehenago ilara luzeak sortu direla kultur etxera sartzeko.