Gizarteko esparru ezberdinetako ordezkaritza zabalak bat egin du GuraSOSek otsailaren 19rako deitutako manifestazioarekin bat

Txintxarri Aldizkaria 2017ko ots. 10a, 15:00

Idazleak, kirolariak, kazetariak, artistak, musikariak, aktoreak, bertsolariak, sindikatuak, hezkuntza munduko langileak, irakasleak eta beste hainbat esparrutako  gizarte ordezkariak bat egin zuten atzo GuraSOSek Donostiako Haizearen Orrazian egindako agerraldia. ‘Hain adierazgarri den Haizearen Orrazitik, itsasoak eta haizeak edertasun guztia agertzen duten leku honetatik, dei egiten diogu gizarteari; bete ditzagun Donostiako kaleak datorren otsailaren 19an. Ur tanten antzera, elkartu gaitezen, bat egin dezatela gure eskuek, eta osatu dezagun itsaso bare bat’, adierazi zuten.

Gipuzkoako Diputazioari ere deia luzatu nahi izan zion atzoko agerraldian GuraSOSek; ‘ Markel Olano ahaldun nagusiari, beste behin, gurekin bildu dadin dei egiten diogu. Aurrez-aurre hitz egin dezagun, eta utz dezagula alde batera komunikabideen bidezko interpelazioa.Uztailaren 6az geroztik ari gara bilera hori egin nahian, eta gutaz, zein gure proposamenez hitz egin baino, elkarbanatzea eta azaltzea egokiagoa litzatekeela uste dugu. Guk zuen irudipenak entzun nahi ditugu, eta honekin batera, elkarrizketa bilatu. Ireki itzazue Foru Aldundiko ateak, ez ezazue erakundeen gotorlekurik egin, Ez gara zuen konpetentzia, zuen osagarri baizik’.

GuraSOSek atzo adierazitakoaren arabera, ez dute erraustegiaren aurkako mobilizaziorik deitzen, ez eta Foru Gobernuaren aurkako manifestaziorik ere; ‘egitearen gainetik, nola egin eta zein prezioren truke egiten den uste duen edonori egiten diogu manifestazioan parte hartzeko deia’.

Adostasun bat lortze bidean, gizarte eztabaida bat beharrezkoa da taldearen iritzitan, horrela gehiengoa lortuta ere, inposizioek baliorik ez dutela ere adierazi zuten atzo Donostian egindako agerraldian. ‘Etiketarik gabeko gizartearen lekua aldarrikatu nahi dugu. Demokrazia aberastu nahi dugu zuzeneko parte-hartzearen bitartez. Zubiak eraiki nahi ditugu eta lubakiak estali. Harro sentiaraziko gaituen Gipuzkoa hobe bat nahi dugu. Ezinezkoa nahi dugula esango ez diguzuela espero dugu, izan ere, beste zenbait lekutan lortzen ari dira, eta Gipuzkoa Elkarrekin gehiago izango da’.

Adostasunaren bidean,  Elkarrekin gehiago gara. Adostasuna, besterik ez! lemapean Gipuzkoako hiriburuko kaleak bete asmo ditu GuraSOSek datorren otsailaren 19an. Artzai Ona Katedralaren paretik abiatuko da, San Martin kalean zehar Foru pasealekura iritsi eta ‘Republica Argentina’kalean barrena, Bulebarrera heldu eta bertan amaituko da manifestazioa.