Giza-aztarna gehiago aurkitu ditu Txaldatxurren Islada Ezkutatuak taldeak

Txintxarri Aldizkaria 2017ko urt. 28a, 15:38
Txaldatxurreko gainean gordeta dagoen informazioa azaleratzen jarraitzen du Islada Ezkutatuak taldeak. Aranzadiren laguntzarekin, giza-aztarna gehiago topatu dituzte bertan. Zehazki, gorpu baten hezurrak. Hogei gorpu inguru eduki ditzakeen hobi bat ere egon daitekeela susmatzen dute, baina oraingoz ez dute topatu.

Duela bi aste egindako agerraldian iragarri zuten Islada Ezkutatuak taldeko kideek. 36ko gerrako tresneria gehiago topatu zuten Txaldatxurreko gainean, eta horrek eraman zituen pentsatzera gorpuzkin gehiago egon zitezkeela. Ez dira erratu. Aranzadi zientzia elkartearekin batera gune horretara joan dira gaur goizean, eta giza-aztarnak bistaratu dituzte, beste gorpu batenak. Gorputz behekaldekoak dira hezur gehienak: aldaka eta hanketakoak. Besoetako baten bat ere topatu dute. Azaldu dute baita ere gorpu hori buruz behera izan zela lurperatua.

Islada Ezkutatuak taldeko Joxe Agustin Muguruzak eman dizkie esplikazioak Txaldatxurrera bertaratu diren guztiei. "Susmoa daukagu hemen inguruan egon daitekeela hobi moduko bat, hogei bat gorpuren aztarnekin", jakinarazi du. Gaurkoan, ordea, gorpu bakar baten giza-aztarnak topatu dituzte: gorputzaren behekaldekoak dira hezurrak, aldaka eta hanketakoak. Paco Etxeberria forenseak zehaztu du gainontzeko hezurrak deseginda daudela, lursailaren ezaugarriak direla-eta. 

Duela hilabete t'erdi Islada Ezkutatuakeko kide Asier Mendizabalek kantinplora bat aurkitu zuen. Horrek eman zien seinalea taldekideei: giza-aztarna gehiago egon zitezkeen inguruan. Gaur topatu dituzte. Arestian esan bezala, tresneria gehiago ere bai: aipatu kantinplora hori, Astra 300 pistola bat, txilibitu bat, metxero bat eta Astra 900 'orrazi' bat. Horiek denak erakutsi ditu gaurkoan Muguruzak, eta zehaztu gutxi-gorabehera non zegoen gauza bakoitza. Tresneria hori dena aztertuta, badauzkate gorpua norena izan daitekeenaren inguruko teoria batzuk, baina oraindik zalantzan dabiltza: "Txilibitua, metxeroa eta orraziak pentsarazten zigun beharbada asalto-goardiako kide batena izan daitekeela gorpua, baina horiek kantinplorarik ez zuten eramaten; mezu guztia apurtzen digu. Falangista bazen, ordea [ikurrik ez dute topatu oraindik], txilibituak, metxeroak eta kantinplorak badute zentzua, baina ez orraziak. Beraz, horrek ere apurtu egiten du teoria hori". 

"Cecilio Gomez asalto-goardiako tenientea, errepublikar sutsua, hemen inguruan hil omen zen; gure itxaropena da aztarnaren bat gehiago topatzea, ikur identifikatiboren bat, jakiteko gorpua norena izan daitekeen, edo zein bandotakoa behintzat", gehitu du Muguruzak.

Jose Zatoren laguntza

Islada Ezkutatuak lan handia ari da egiten, Aranzadi eta erakundeen laguntzarekin, baina herritarren laguntzarik gabe zailagoa litzateke aztarna ezkutu horiek azaleratzea. Horietako batek, Jose Zato salamankarrak (urte asko daramatza Lasarte-Orian bizitzen) ere hartu du parte bilaketan. Zatok berak azaldu duenez, kontatu ziotenean Txaldatxurren hobi bat egon zitekeela, erabaki zuen Islada Ezkutatuakeko kideei kontatzea. Izan ere, urte batzuk atzera, Aranzadiren laguntzarekin, Zatok bere aitaren eta beste hamahiru pertsonaren gorpuzkinak topatu zituen Salamancan: "Orduko horretan jende askok lagundu zidan, eta orain zer egingo nuen, jakin dudana ezkutatu? Ez, noski".

Erakundeak Txaldatxurren presente

Ikusmira handia sortu du gaur goizean Txaldatxurren aurkitutakoak erakunde desberdinetako ordezkarien artean. Bertara joan dira Aintzane Ezenarro (Eusko Jaurlaritzaren izenean), Maribel Vaquero eta Juan Ramon Viles (Gipuzkoako Foru Aldunditik), Eneko Goia donostiako alkatea, Xabier Arregi Usurbilgo alkatea, eta baita Lasarte-Oriako udal-korporazioko hainbat zinegotzi ere (PSE, EH Bildu eta EAJkoak, hain justu). 

Paco Etxeberriak nabarmendu du "eskertzekoa" dela hemen inguruko erakundeek memoria historikoa berreskuratze aldera erakusten duten interesa: "Jose Zatoren aitaren aztarnekin topo egin genuenean, ordezkari bakar bat ere ez zen interesatu; oso tristea izan zen". Aintzane Ezenarrok, Eneko Goiak, Maribel Vaquerok eta Xabier Arregik hartu dute hitza: guztiek goraipatu dute Islada Ezkutatuak taldea gune horretan egiten ari den lana.

"Gipuzkoa tinko defendatu zen"

Bukatu aurretik, apunte historiko bat egin du Joxea Muguruzak: "Gipuzkoak tinko defendatu zituen errepublika, demokrazia eta garapena, inbaditzaileak lurralde historiko honetara sartu zirenean; Bizkaiara mugiarazitako tropak askoz gehiago izan ziren, hori egia da, baina hemen ere gogor borrokatu zen altxamendu nazionalaren aurka, erresistentzia handia eta indartsua izan zen, eta zenbait instituziok ez dute oraindik hori horrela izan zela esaten".

Gaur goizeko irudiekin osatutako argazki galeria