'Gidabaimena euskaraz' kanpaina aurkeztu dute gaur Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2017ko mai. 26a, 20:12
Gaur egin da egitasmoaren aurkezpena Okendo plazan eta bertan izan dira eskualdeko autoeskoletako ordezkariak. Eskualdeko Udalen izenean Jon Antxordoki zinegotzia ere bertan izan da. Azken urteen antzera, Buruntzaldeko udalek gidabaimenaren azterketa teorikoa euskaraz ateratzen duten herritarrak sarituko dituzte

Urtez urte, geroz eta ikasle gehiago animatzen dira gidabaimena euskaraz ateratzera, kopuru hori goruntz doala azpimarratu dute ekimenaren sustatzaileek. 2016ean 96 izan ziren Buruntzaldea osoan gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz egitera animatu zirenak.

Sarien zozketan parte hartzeko baldintzak

Sariak eskuratzeko baldintza batzuk bete beharko ditu interesatuak. Buruntzaldeko herriren batean erroldatuta egon beharko da, gidabaimenaren atal teorikoa gainditu beharko da 2017ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31 bitartean, Buruntzaldeako autoeskolaren batean eta, azkenik, inprimakia beteta entregatu beharko da egitasmo honekin lankidetzan diharduen autoeskoletan.

Lasarte-Orian,  Mugica auto eskoletako ikasleek parte hartu ahal izango dute ekimenean. Horrez gain, aipatu behar da herritarren batek eskualdeko beste autoeskolaren batean atera nahiko balu aukera duela; Andoaingo Bengoetxean eta Mendin;  Loiolako Otamendin, Hernaniko Hernanin, Lagunak eta Otamendin; eta Urnietako eta Usurbilgo  Solozabalen.

Sarien zozketa 2018ko urtarrilean egingo dela iragarri dute sustatzaileek, eta aurtengoan 9 sari banatuko dira guztira: Andoainen bi, Loiolan bat, Hernanin hiru, Lasarte-Orian bat, Urnietan bat, eta Usurbilen bat. Sariek teorikoaren balioa izango dute, gehienez 400 euro.

Sustatzaileek jakitera eman duten moduan. egitasmoaren informazioa jasoko dute etxeetan 2017an 18 urte beteko dituzten gazteek. Hala ere, azpimarratu nahi izan dute, edozein herritarrek informazioa eskuratu ahal izango duela Buruntzaldeko autoeskolatan.