Gero eta erakusleiho gehiago

Txintxarri Aldizkaria 2017ko aza. 20a, 17:59
Udalaren eta Aterpea dendarien hitzarmenari esker, 'Biziberritzen' egitasmoa berritu dute. Lokal hutsak herriko dendariei utziko dizkiete, horiek erakusleihoak jartzeko erabili ditzaten. 41 dendarik parte hartuko dute proiektuan.

Erabiltzen ez diren lokalak hartu, garbitu eta herriko dendariei eskaini haien negozioetako erakusleihoak jartzeko baliatu ditzaten. Beste urte batez ekin dio Lasarte-Oriako Udalak eta Aterpea merkatarien elkarteak Biziberritzen egitasmoari. Eta inoiz baino denda gehiagok parte hartu dute proiektuan. Aterpeako 41 dendarik jarriko dituzte erakusleihoak hutsik dauden lokaletan. Guztira, 90 metro karratu erakusleiho gehiago egongo da herrian.

Udalaren eta Aterpearen akordioak herriko merkataritza sustatu nahi du. Aukera ona eskaintzen diete dendariei, haien denden eremutik kanpora izango dutelako erakustoki bat. Bestetik, lokal hutsak utzi dituztenek ere onurak jasotzen dituzte, horiek alokatzeko edo saltzeko ikusgarri geratzen baitira. Doan uzten dituzte lokalak. Jesus Zaballos alkateak ohartarazi duenez, udalak egiten du bitartekaritza lan hori. Lokalak garbitu, txukun utzi eta erakusleihoa prestatzen laguntzen du.

Azken finean, proiektuak eragile guztiei mesede egiten die, herria bera biziberritzen duelako, hutsak dauden lokalak erakusleihoekin apainduz. Horrek ere azal dezake Biziberritzen-en bilakaera: 2014an hasi zuten, eta orduan zazpi dendak parte hartu zuten. Egun, 41 dira establezimenduak. Hamabost lokal utzi dituzte aurten.

Ramon Ormazabal Aterpeako presidenteak nabarmendu duenez, "erronka handia" da proiektuan sartu diren hamasei dendentzat. "Aukera berri bat da gure erakusleihoa aurkezteko". Horregatik, Ormazabalek ohartarazi du erakusleihoa “mimatu, aldatu eta zaindu” egin behar dela. "Aukera ematen digute eta aprobetxatu egin behar dugu".