Gazteentzako eski irteera Valdezcarayra

Txintxarri Aldizkaria 2018ko ots. 16a, 11:15
Kuadrillategi egitasmoko kideek lagun artean eskian ibili eta hizkuntza ohiturak sendotzeko aukera izango dute martxoaren 4rako antolatu den irteeran. Goizeko 05:45ean aterako da autobusa hipodromotik, eta iluntzean itzuliko da herrira

Kuadrillategi egitasmoak eski irteera antolatu du martxoaren 4an. 12 urtetik 18 urtera arteko Lasarte-Oriako gazteek Valdezcarayko eski estazioan egun paregabeaz eta euskaraz gozatzeko aukera dute.

Goizeko 05:45ean aterako da autobusa hipodromotik. 8:30ak aldera, Valdezcarayra iritsi, sarrerak atera eta eskiak edo snowboard-a jantzi ostean, elurraz gozatuko dute gazteek. 

Arratsaldeko 17:30ak aldera aterako dira eski estaziotik eta 20:00etara Lasarte-Orian izango dira.

Antolatzaileek jakitera eman dutenez, bakoitzak jatekoa eraman beharko du. Bestela, bertan erosi ahalko du.

Izena ematea

Irteerako prezioa 60 eurotakoa da; Ttakun Kultur Elkarteko bazkideek, berriz, 55 euro ordaindu behar dituzte.

Prezioan fortfaita, autobusa eta eskian egiteko materiala (eskiak edo snow taula, botak, makilak eta kaskoa) daude barne. Baina antolatzaileek azpimarratu dutenez, Valdezcarayko forfaita edo eskiatzeko material guztia, kaskoa barne, duten gazteek prezio merkeagoa ordainduko dute.

Izena ematea otsailaren 19tik 23ra egingo da Ttakuneko bulegoan. Ostiralean goizez egin ahalko da bakarrik.

Kuadrillategiko partaideek lehentasuna izango dute.

Irteerari buruzko informazio gehiago edo zalantzak izanez gero, interesatuek ktglasarteoria@ttakun.eus helbidera idatzi edo 678 170 113 telefonora deitu behar dute. Antolatzaileek "irteera dibertigarria" izango dela aurreikusi dute, eta Kuadrillategikoak animatu dituzte parte hartzera.