Gazteak lehen puntadak ematen

Txintxarri Aldizkaria 2016ko abe. 5a, 10:00
Ttakun kultur elkarteak gazteei zuzendutako joskintza ikastaroa du martxan. Modu praktikoan, oinarrizko ezagutzak eta makina nola erabili ikasten ari da gaztetxo talde bat. Estutxeak egin dituzte eta Gabonetako zuhaitzean jartzeko galtzerdietan ari dira lanean.

Gazte Klubeko 8 lagunek joskintzan bere lehen pausoak eman dituzte Gazte Klubak antolatutako ikastaroari esker.

Azaroaren 7tik astelehenero bildu eta Ione Artola jostunaren eta Noelia Bermejo begiralearen laguntzaz, joskintzako oinarrizko hainbat ezagutza eta josteko makina nola erabili ikasi dute.
Horretarako bi lan eraman dituzte aurrera.

Lehenik estutxe bat egin dute. Antolatzaileek azaldu digutenez, telak eta apaingarriak gaztetxoek aukeratu dituzte eta Ioneren azalpenei  jarraikiz ikastolara eraman edo etxean erabiltzeko estutxe ederra egin dute. Batzuk haien izena ere bordatu diotela azpimarratu dute.

Ikastaroa amaitu arte, abenduaren 12a, Gabonetako zuhaitzak apaintzeko galtzerdiak egiten ari dira.

Antolatzaileak eta irakaslea pozik daude gaztetxoek egindako lanarekin. Gazteak ere primeran ari dira gozatzen tela, hari eta guraize artean eta ikastaroa luzatzeko eskaera ere egin dute.