"Lizitazioa aurrera doala ikusita, eta oraindik Hezkuntzatik erantzunik jaso gabe, gure ikastetxea erraustegia eraikitzea aurreikusten den kokagunetik 500 metrotara egonda ere, nolako eragin eta zein ondorio izan ditzakeen gure osasunaren kaltetan aintzat hartuz... kezka ezinegona bihurtu da". Landaberri-Garaikoetxeako irakasle talde bat argi mintzatu zen atzo, Donostiako Alderdi Ederren egindako agerraldian. Oso arduratuta daude Zubietako erraustegiaren proiektuarekin, eta Gema Gonzalez de Txabarri Hezkuntza ordezkariari "erantzun argi bat" emateko eskatu diote. "Ez dugu onartzen interes orokorrekoa izendatzea osasunarentzat kaltegarria izan daitekeen errausketa proiektua", gaineratu zuten atzo.
Euren kezka adierazteaz gain, galdera sorta luze bat ere planteatu zuten atzokoan: "Nork ziurtatzen du gure haur ikasleen osasuna ez dela kalteturik izango hemendik ez oso epe luzera, urtero aurreikusten dituzten 155 mila tona erraustearen ondorioz haizatuko diren dioxina eta mikropartikula iragaitzez? Baita errausketaren ondorioz sortuko liratekeen aipatutako kopuru horren tratatu beharreko errautsen laurdenaz? Osasunean ondorio kaltegarriak ez dituela eragingo diote, ordea, Aldundiko agintariek; zein oinarri zientifikoz?, eta, noren bermez?".
Horren harira, zehaztu zuten Europar Batasuneko Ingurumen Batzordeko arduradun Piotr Barczak-ek dioela errausketa teknologiak kalte ekonomiko eta ingurumenekoak dakartzala. Komunikabideetan argitara eman diren "adituek egindako hainbat ikerketa" ere aipatu zituzten atzokoan: "Ikerketa zorrotz, luze eta sakonek ondorioztatu dute batez ere sistema kardiobaskularra eta arnastekoa izan daitezkeela kaltetuak".
"Gure ikastetxearen Hezkuntza Proiektuak eta Agenda 21 proiektuak, ingurumenaren sostengarritasuna jarduerak sustatzea duena helburu, ez lirateke, ez kongruente, ezta bateragarri ere zaborraren kudeaketarako errausketa proiektua nagusituko balitz", adierazi zuten.
2016ko maiatzean hasitako bidea
2016ko maiatzean ikastetxeko Organo Gorenak eskutitz bat aurkeztu zuen Donostiako Hezkuntza Delegaritzan euren kezkak adieraziz eta erantzun bat eskatuz. 2016ko abenduan, berriz, klaustro bat egin zuten erraustegiaren gaiaz eta bertan berretsi zuten euren kezka eta erantzunaren beharra.
Amaitzeko, eskaera argi eta garbi bat plazaratu zuten: "Erantzun argia eskatzen dugu. Hori jaso ezean, publikoki adierazten jarraituko dugu gure kezka".