Euskararen etorkizuna eztabaidagai

Txintxarri Aldizkaria 2015ko urr. 16a, 12:48
Euskaltzaletasunaren eta euskararen etorkizuna izan ziren aztergai azteazkenean Jasone Mendizabal eta Iñaki Martinez de Luna Topalabeko kideen eta Pablo Suberbiola Soziolinguistika Klusterreko kidearen eskutik.

Ttakun KEk eta Euskaltzaleen Topaguneak antolatuta, Topalab taldeak idatzitako  'Berrikasi eta berrikusi' testua aztergai izan zen Villa Mirentxun. Ekitaldira hurbildu zirenek Jasone Mendizabal, Iñaki Martinez de Luna eta Pablo Suberbiolaren iritziak entzun eta haien kezkak eta galderak plazaratu ahal izan zituzten. Larunbatean izango den Topa Egunaren aurrekari izan zen ekimena. Mahai-inguruarekin hasi aurretik, Iñaki Arrutik Lasarte-Oriako Euskara Batzordeko teknikariak aurkezpenak egin zituen eta hiru mahai kideek euskaltzaletasunarekin duten lotura estua azpimarratu zuen.

Testuaren azalpena
Jarraian, Jasone Mendizabalek testuaren laburpena egin zuen ondorioetako puntuak azalduz. Hauek Hiztun komunitate emantzipatua; Epe luzerako plangintza eta Hizkuntza politika; Lege-babesa, baliabideak eta erreferentziak; Egitura eta autoritatea; diskurtso multzo koherentea; Arnasgune politikoa alderdien aldetik eta motibazio eta bizi-indarra dira. “Euskal hiztun kopurua bere topera iritsi dela eta euskaltzaletasunak aro berri bat behar du”.

Solasaldia
Pablo Suberbiolak dokumentuko lau puntu nabarmendu zituen. Hauei buruz bere iritzia emateaz gain, Topalabeko kideei galderak plazaratu zizkien. Hala nola, hiztun komunitateari begira edo gizarte osoari begira lan egin behar den, euskararen normalizazioa berdintasunaren eskutik datorren, euskara arnasgune politikoa eta gaia blindatua izateko zer egin behar den eta hiztun komunitatearen aldaera ikusita hauengan motibazioa nola eragin galdetu zuen.

Baina aurretik, Topalabek egindako dokumentua “mami askoko” zela azpimarratu zuen. “Euskaltzaletasunaren oinarri landua da eta Ttakunen lanean hasi nintzenean horrelako dokumentu bat egon izan balitz oso lagungarria izango nuen,” adierazi zuen.

Eta solasaldiak aurrera egin  ahala, entzuleek ere egin zituzten galderak: euskaltzaleei eta euskaldun berriei igorri beharreko mezuentzako irizpide bat, elebakar parametroetan pentsatzearen oztopoa, erdararen erabilera edo euskara elkarteek gazteak bazkide izatera nola bultzatu.

Iñaki Martinez de Lunak “guztiaren gakoa euskararen etorkizunerako zer nahi dugun definitzean datza”, “planteamendu orokor bat behar da”,  “euskara guztiontzat interesgarria izan behar du”, “bakoitzak normalizazioaren bere irakurketa du”, “euskarari balio pragmatikoa eman behar zaio”, “euskararen makulua zientzia izan daiteke“, “hizkuntzak kudeatzen jakin behar da“ edo “erdara behar denean erabili daiteke“ erantzun zuen.

Jasoneren hitzetan, “euskarari buruz hitz egitean talde txiki batek ulertzen du bakarrik, besteentzat ulergaitza da. Gizartearekin konektatu behar da“, “gizarte mugimenduak blindatzea probokatu beharko luke“ edo “elkarteetan parte-hartze formula berriak bilatu behar dira. Gizartera egokitu behar da jarduna.“