Euskaraldiarekin bat egin du udalbatzarrak

Txintxarri Aldizkaria 2018ko urr. 10a, 18:38
Urriko ohiko bilkuran gardentasunari buruzko mozioa onartu dute aho batez, ADLOP taldeak proposatuta: alderdiek gastu guztiak justifikatu beharko dituzte. Horrez gainera, inauterietako programei diru laguntzak emateko oinarriak adostu dituzte

Eztabaida gutxiko udalbatzarra izan da urrikoa. Joan den asteartean bildu ziren udal ordezkariak, eta gai zerrendako puntu guztiak adostu zituzten; gehienak aho batez. Adibidez, Euskaraldiaren aldeko adierazpen bateratua; babesa eman diote zinegotzi guztiek. Halere, EH Bilduko Pablo Barriok eskatu du euskararen aldeko jarrera "adierazpen soil batean" ez geratzeko. ADLOP Ahal Du Lasarte-Oria Podemos taldeak aurkeztutako mozioa ere aho batez onartu dute, gardentasunari buruzkoa, zuzenketa tekniko baten ostean. 

Beste zenbait gai ere landu dituzte: kreditu gehigarrien bidez kredituak aldatzeko txostena. PSE-EEren zazpi botoak nahikoak izan dira horretarako, gainerako bederatzi zinegotziak abstenitu egin baitira. ADLOPeko Alicia Garcia ez da batzarrera bertaratu. 
Hurrengo urterako taxien tarifak ere onartu dituzte, ADLOPeko bi abstentziorekin. Inauteri jaietako jardueren programei diru laguntzak emateko oinarriak alderdi guztien babesa jaso du. 

Euskara eta udala 
Zinegotzi guztiak udal  barruan zein kanpoan euskara sustatzearen alde agertu dira. Adierazpen instituzionala onartu dute aho batez. Horren bitartez, udala konprometitu da ahobiziak eta belarriprestak aktibatzea udaleko langileen artean. Gainera, udalak neurriak hartuko ditu hizkuntza praktika ahalbidetzeko, udalerri osoan. 
Jon Antxordoki EAJko bozeramailea eta Euskara Batzordeko buruak eskerrak eman dizkie udal ordezkariei, eta Euskaraldira gonbidatu ditu. 
Barriok ere txalotu du udalbatzarraren jarrera, baina zalantzak agertu ditu: "Adierazpenak praktikara eraman behar dira". Izan ere, EH Bilduko ordezkariak oroitarazi ditu udalak euskara eskakizunak apaldu dituela hainbat lanpostutan. 

Azkenik, ADLOPek gardentasunari buruzko mozioa aurkeztu du, diru publikoa jasotzen duten alderdiek haien gastuak aurkeztu ditzaten urtero. PSE-EEk proposatutako zuzenketa tekniko baten ondoren, aho batez onartu dute. 

Galdera eta erreguen atalean sortu da eztabaida handiena, ekitaldi publikoen gonbidapenen inguruan . EH Bilduk salatu du udal gobernuak ekitaldi horien "erabilera itsusia" egiten duela. Haatik, Jesus Zaballos alkateak erantzun dio zinegotzi guztiak joan daitezkeela edozein ekitalditara, gonbidapenik jaso gabe ere. "Zinegotzien lana ere bada, besteak beste, udalak babesten dituen ekitaldietan parte hartzea".