Euskal Inauteri koloretsuak

IƱigo Gonzalez Sarobe 2017ko ots. 18a, 21:03
Egun osoko festarekin iritsi dira 2017ko inauteriak Lasarte-Oriara. Euskal Inauteriak izan dira aurrekari: herriko elkarteetan barrena kantu-jira, Zubietarekin senidetze ekitaldia eta Okendo plazako festa amaierak osatu dute gaurko egitaraua.

Aurreko urteetan ez bezala, Euskal Inauteriekin bukatu ez, hasi egin da festa. Lasarte-Orian dira 2017ko Inauteriak, datorren asteburura arte geratuko direnak. Goiz eta arratsalde, herriko kaleak koloreztatu dituzte gaurkoan. 

Okendo plaza izan da Euskal Inauterien amaieraren gunea. Bertan erromeria jendetsua dantzatu, eta Kaxkamalo bota dute sutara, aurten ezer txarrik gerta ez dadin Lasarte-Orian. Hartza harrapatzen ere saiatu dira txantxoak, baina alde egin du aurten.

Zubietarrekin senidetzen

Arratsaldeko lauetan hasita, Zubietatik Lasarte-Oriara abiatu dira Euskal Inauteriak. Ttipi-ttapa ttipi-ttapa oinez, eta, nola ez, dantza eginez. Ttirriki-Ttarrakaren doinuek lagunduta, Hipodromoko Zubiraino kalejira koloretsua egin dute.

Zubira iritsitakoan egin dute senidetze ekitaldia bi herrietako kideek. Lasarteoriatarrek jaki eta edari ugariz betetako kutxa bat eman diete zubietarrei, eta hauek, trukean, 'Kaxkamalo' bihurria, sutan erretzeko gero. Urtean zehar izurrite eta antzeko gaitzik gure herrira ez etortzeko da baliagarri ekintza sinboliko hau. Horrela izan dadila.

Akordioa eginda, berriro ere gorputzak dantzan jartzeko unea iritsi da. Zubian bertan 'txapelua' dantzatu dute bi herriko kideek, eta herrian barrena ibili dira gero: Hipodromo Etorbidetik hasi, Kale Nagusia zeharkatu eta Okendo plazara joan dira.

Kantuan eta dantzan goizetik

Euskal Inauteriek ezin zuten bestela hasi: kantuan eta dantzan ibili dira Xumela abesbatza eta Ttirriki-Ttarrakako kideak herriko hainbat elkartetan barrena. Horrez gain, mokadutxo goxoak dastatu dituzte, giro ederrean, eguraldi bikaina lagun.

Jalgin ekin diote ibilbideari: kroketak jan dituzte bertan. Ondoren, Arrieskalletan, butifarra goxoak dastatu dituzte. Xirimirin, salda; patata tortila Ttakunenean, eta txokolate beroa eta bizkotxoak Intza elkartean. Tartean, esan bezala, euren errepertorioko abesti eta pieza ugari interpretatu dituzte.

Euskal Inauterien argazki galeria

Euskal Inauterien bideoteka