Euskal Inauteri berrituak otsailaren 18an

Txintxarri Aldizkaria 2017ko ots. 10a, 18:30
Egun osoko egitaraua prestatu dute herriko eragile ezberdinek Ttakunek sustatuta. Goizean kalejiraz gozatu ahak izango da eta arratsaldean zubietarrekin egingo dira dantza saioak.

Euskal Inauteriak berrituta datoz. Iaz Ttakunek herriko beste eragileekin batera sustatuta, Euskal Inauterien festa beste modu batera ospatu zuen. Naiara Mujika Ttakuneko kultura dinamizatzaileak azaldu moduan "bada urte bete Euskal Inauterien birformulazioaren lanketan dihardugula. Herrian urteetan ospatu den inauteri tradizional hau gainbeheran zetorren eta berreraikitzeko beharra ikusi zen herritar eta eragile ezberdinek osatzen dugun lan taldetik". Tradizioan oinarritutako inauteriak eguneratzeko ahalegina egin da.

Festa "indartu nahian eta tradizioari eutsiaz, Euskal Inauteriak, Lasarte-Oriako inauterien etorreraren adierazle izatea hartu zen abiapuntutzat". Era berean, "hartzaren esnatzeak iragartzen du eguzkia indartu eta eguna luzatzen hasten den sasoia badatorrela". 

Bestalde, Euskal Inauterien berpizte honek badu beste arrazoi bat. Izan ere, "inauteriek bere eboluzioa izan dute herrian. Udalaren eta elkarte eta eragileen lan onari esker, inauteri arrunten larunbata asko indartu da egun osoko eta gaueko ekitaldi nagusi bihurtuz. Horrek eragin dio igandeko planteamenduari bai parte-hartzaile kopuruari dagokionez, hauen adinean, eta baita, jaia ospatzeko moduan ere” azpimarratu du Mujikak.

Aipatutako egoerari soluzioa eman nahi dio planteamendu berriak, “lehenengo aldaketa datarena da. Inauterien aurrekari bezala planteatzen dugunez, inauteri asteburuko igandean ospatu beharrean, aurreko larunbatean izango da, kasu honetan otsailaren 18an. Era berean, egitaraua indartu eta pertsonaia mitologiko desberdinen parte hartzea eta antzezpena areagotzeko asmoa dugu". Denborarekin, herriko eragile gehiagoren inplikazioa lortzeko erronka dutela esan du Mujikak.

Otsailaren 18rako, egun osoko egitaraua prestatu dute. 11:00tatik 13:00tara herriko hainbat elkarteetatik "Puska bila joango gara kale jiran eta kantuan". Ibilbidea izango da Sagardotegi kalea: Jalgi, Kale Nagusia: Arrieskalleta, Andatza plaza: Xirimiri elkartea, Hipodromo etorbidea Pablo Mutiozabal Kalea, Iñigo de Loiola Kalea: Ttakunenea, Geltoki kale eta Sagardotegi kalea: Intza elkartea.

"Elkarte bakoitzean eztarria frexkatzeaz gain mokadutxoaz goxatzeko aukera izango da".

Arratsaldeko egitarauari dagokionez, Zubietarrekin elkarlanean ariko dira, Zubietako plazan hasiko da ekitaldia 16:00etan. Jarraian, Kalejiran abiatuko dira Hipodromoko zubira iritsi arte. 

Bertan, Lasarte-Oriako herritarrek Zubietarrei dantza eskainiko diete harrera egiteko. Hori 16:30ean izango da. Gonbidapen dantza ostean, Zubietarrek beren erantzuna eskeiniko diete herritarrei eta honekin amaitzeko senidetze dantza egingo dute biek. "Behin senidetzea gauzatuta, herrian zehar kalejiran abiatuko gara". Hipodromo etorbidetik Tajamarreko biribilgunera, hortik Kale Nagusira eta Arkupeko biribilguneraino joango dira dantzan eta Okendo plazan bukatu.

Okendon, 18:30ean, erromeriari ekingo zaio eta bukatzean suaren ekitaldi berritua gauzatuko da. “Gerria astindu ondoren, txokolada egingo da”.

Afari Literarioa

Eguneko egitaraua borobiltzeko ekimenarekin bat egin dute herriko irakurle txokoko lagunek. Horrela izanda, egitarauaren baitan txertatu nahi izan dute eurek antolatutako bertso afari literarioa. Hau 21:30ean izango da Xirimiri elkartean. 

Eider Rodriguez idazlea gai jartzaile lanetan ariko da eta bertsotan Uxue Alberdi, Maialen Lujanbio eta Ane Labaka izango dira. 

Honetan parte hartzeko txartelak aurrez erosi beharko dira Artizar, Ilargi edota Furia Beltza tabernetan 20 eurotan.