Euskal dantza nagusi asteburuan

Txintxarri Aldizkaria 2016ko mai. 23a, 13:00
Lasarte-Oriako euskal dantza zaletasuna handia da. Hori dela eta, hurrengo asteburuan Erketz EDT-ren eskutik bi hitzordu berezi izango dira. Larunbatean II. Dantzari eguna egingo da eta igandean, berriz, XXVIII Dantzari txiki eguna. Gonbidatutako taldeei esker, Nafarroa, Bizkaia eta Gipuzkoako dantzak ikusteko aukera izango da euskal dantza nagusi izango den bi egun hauetan.

Ehundaka pauso, buelta, salto eta entsegu orduren ostean, iritsi da urtean zehar egindako lana erakusteko unea. Erketz EDT taldeak bi hitzordu garrantzitsu ditu asteburu honetan, II. Dantzari eguna eta Dantzari txiki eguna.

II. Dantzari eguna

Larunbatean, maiatzaren 28an, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, euskal dantzak izango dira nagusi Lasarte-Oria erdialdean.

Lasarte-Oriako Erketz EDT taldeak iazko arrakasta ikusirik, berriro ere Dantzari eguna antolatu du.

Aurtengoan bi talde berri izango dira herriko taldearekin batera ekitaldian parte hartuko dutenak, Andoaingo Urki eta Faltzeseko Makaia taldea.

Dantzen erakusketa

Arratsaldeko 18:00etan, taldeen desfilea izango da Kale Nagusitik barrena. Sasoeta-Zumaburu eskolako Zumaburu eraikinetik atera eta Okendo plazaraino egingo dute ibilbidea. 

Antolatzaileek jakitera eman dutenez, bi geldialdi izango dira bidean, bata Zumaburuko zaharren egoitzaren parean eta bestea zentroko autobus geltokiaren aurrean. Hauetan talde bakoitzak erakustaldi bat eskainiko du.

Kalejira amaitzean, 19:00ak aldera, ekitaldi nagusia hasiko da.

Talde bakoitzak 20 minutuko emanaldia egingo du eta amaieran oroigarriak banatuko dizkiete gonbidatutako taldeei.

Ostean, hiru taldeek elkarrekin afalduko dute Gizarte Etxea tabernan.

Txikien eguna
Igandean, berriz, dantzari txikiek hartuko dituzte Lasarte-Oriako kaleak. Ohitura handiko ekintza dugu Dantzari Txiki eguna.

Maiatzaren 29an, 200 bat haur eta gaztetxo izango dira haien dantzekin Lasarte-Oria alaitzen.

Erketz dantza taldeko haur eta gazteen taldearekin batera, Nafarroa, Bizkaia eta Gipuzkoako 5 talde izango dira aurten jaialdi honetan: Faltzesko Makaia taldea, Errenteriako Ereintza dantza taldea, Sestaoko Salleko taldea, Usurbilgo Orbeldi eta Lasarte-Oriako Kukuka Antzerki eta dantza eskolako taldea. 

Herriko kaleak alaitu eta goizeko kalejiran laguntzen, Lasarte-Oriako musikariak izango dira. Aurten Ttirriki-Ttarraka eskolako kideak dira dantzari txikiekin kalez kale joango direnak.

Kaleak alaitu

Egitarauari dagokionez, goizeko 11:00etan hasiko da eguna. 

Talde guztiak Zumaburuko Isla plazan batuko dira eta bertan hamaiketako egingo dute.

11:30ean, taldeka trikitilari bikote baten laguntza dutelarik, Lasarte-Oriako auzoetan zehar ibiliko dira. Hainbat geldialdi egingo dituzte eta hauetan talde bakoitzak egun honetarako prestatutako dantzak eskainiko ditu. 

14:00etan, talde guztiak Okendo plazan bildu eta arratsalderako indarrak berreskuratzeko, bazkaltzera joango dira.

Emanaldia

Arratsaldeko 16:45ean, hasiko dira ekintzak arratsaldean. 

Sei taldeak batu eta Okendo plazatik atera eta plazan bertan amaituko den kalejira txikia egingo dute.

17:00etan, talde guztien emanaldiari hasiera emango zaio oholtzan. Lehenik talde bakoitzeko bikote batek agurra dantzatuko du.

Ostean, talde ezberdinen txanda izango da. Bakoitzak dantza bat edo bi eskainiko ditu.

Ikuskizunari amaiera emateko, talde guztiek elkarrekin fandango, arin-arin eta kalejira egingo dute.

Antolatzaileek azpimarratu dutenez, jaialdia bukatu arte denok bertan egotea eskatu eta eskertuko genuke.

Eguraldi txarra izanez gero, Michelingo kiroldegian egingo lirateke ekintza guztiak.

Ohitura bihurtu

1980-1990 hamarkadan Lasarte Orian Dantzari Txiki Eguna antolatzeko aukerak aztertu zituen Erketz EDT-k. Haur dantza taldeak dauden herri gehienetan antolatzen zenez, gure herrian antolatzea ere oso aberasgarria iruditu zen.

Talde ezagunekin harremanetan jarri eta horrela ideia hau aurrera eraman zen.

Erketz EDT-z gain, beste zazpi talde ziren honetan parte hartzen zutenak eta ekaineko bigarren asteburuan egiten zen.

Udalaren laguntzaz, ekimena ohitura bilakatu da eta XXVIII. edizioa dugu aurtengoa.

Baina aldaketa batzuk egon dira urteekin, arestian aipatu legez sei dira azken urteetan parte hartzen duten taldeak. 

Eta data ere aldatu da, egun maiatzeko azken asteburuan antolatzen da dantzari txikien jaialdia.

Laguntza

Aurten ere, Erketz EDT-k Lasarte-Oriako Udalaren laguntza izan du dantzaz beteriko asteburu hau antolatzeko.

Erketz EDT-ko kideek adierazi dutenez, aurten udalak diru-laguntza “gehixeago”  eman du Dantzari eguna antolatzeko. Honi esker, Faltzeseko Makaia taldea dator dantzatzera larunbata arratsaldean. Izan ere, Nafarroako taldeari autobusa ordaintzeko erabiliko baitu taldeak ditu kopuru hori.

Erketz EDT-k herritarrak gonbidatzen ditu bi ekimen hauek ikustera eta euskal dantzaz gozatzera.

Soka-dantza

Hau guztiaz gain, Erketz EDT-ko lagunek herritarrak gonbidatu nahi dituzte San Joan bezperako soka-dantzan parte hartzera. 

Asteartero 21:00etan Zumaburu-Sasoeta ikastetxeko Zumaburu eraikineko gimnasioan biltzen dira ekainaren 23an egingo den dantza prestatzeko. 

Saio irekiak dira eta edonork parte hartu dezakeela azpimarratzen dute.