.EUS domeinu-izen bakoitzeko PuntuEUS Fundazioak 10 euro emango dizkio Seaskari

Txintxarri Aldizkaria 2015ko api. 28a, 11:48

Maiatzaren 1etik 10era bitartean erregistratzen den .EUS domeinu-izen bakoitzeko PuntuEUS Fundazioak 10 euro emango dizkio Seaskari. Horrela, PuntuEUS Fundazioak euskarak iparraldean duen presentzia sendotzen lagundu nahi du bere ekarpenaren bidez.

Datorren maiatzaren 10ean Herri Urrats ospatuko da Saran, Iparraldeko Ikastolen festa. Festa honen helburua dirua biltzea da, Seaskak behar duen finantzamendua, lanak edo eraikin proiektuak dituzten ikastolak laguntzeko. Aurtengo Herri Urratsek, ohiko beharrei erantzuteaz gain, Ziburuko ikastolaren beharrei erantzun beharko dio, behin betiko aterabide bat aurkitzeko. PuntuEUS Fundazioak helburu honetan lagundu nahi duela azaldu du eta horretarako eskaintza berezi hau prestatu du.