Euritan jolasean! tailerra asteazkenean

Txintxarri Aldizkaria 2016ko ira. 26a, 11:15
Euritan jolasean! proiektuaren bigarren fasea bihar jarriko da martxan. Parte hartze prozesuaren etapa honetan hiru tailer eramango dira aurrera. Hauetan zein gune estali eta hori nola egin zehaztuko da.

Lehen tailerra, irailaren 28a, asteazkenean izango da Villa Mirentxun. Honetan aurreko faseko diagnostikoa aurkeztu eta beharrak identifikatuko dira.

Urriaren 4an, asteartean, Villa Mirentxun bertan bigarren saioa izango da. Lehentasunezko beharrak aukeratu ahalko dituzte herritarrek.

Azkeneko bileran, urriaren 6an, zein gune estaliko diren erabakiko da. Saioa Landaberri-Garaikoetxea ikastolan egingo da.

Hiru saioak arratsaldeko 18:00etan hasiko dira.

Parte-hartzea

Udalak herritarrak lan-tailer horietan parte hartzera gonbidatzen ditu, “Lasarte-Oriako eremu estali berriek non eta nola izan behar duten zehazteko eta horrela udalerriko eguneroko bizitza hobetzeko”. 

Udalak azpimarratzen duenez, “prozesu hori ahalik eta adierazgarriena izango bada, ezinbestekoak dira herritarren iritziak eta ekarpenak”.

Informazioa

Bestalde, Udalak jakitera eman duenez, diagnostiko hori eratzeko egindako lanaren emaitzak eskuragarri daude Udalaren web orrialdean, “Euritan ere jolasean! erakusketa Okendo Plazan” albistearen barruan.

Era berean, herritarrek prozesuari buruzko edozein zalantza argitzeko euritanjolasean@gmail.com helbide elektronikoa martxan dagoela gogorarazi du.