Etxez etxe, Euskaraldia loratzen

Txintxarri Aldizkaria 2018ko aza. 13a, 19:02
Dozenaka boluntario aritu dira larunbatean Euskaraldiari buruzko azalpenak ematen herrian, izen emateak sustatzeko

Gero eta izen emate gehiago, orduan eta ariketa sozial handiagoa egingo da. Euskaraldia hasteko astebete eskas bat falta da, eta azken txanpan daude antolatzaileak. Izen emateak bultzatzeko kanpainak beste dimentsio bat hartu zuen joan den asteburuan; 150 boluntario inguru etxez etxe joan ziren, herriko familia guztiak Euskaraldiaren berri izan dutela ziurtatzeko.

Etxebizitzetako txirrina jo, eta herritarrei azaldu zieten zertan datzan 11 eguneko esperimentu linguistikoa. Gainera, aukera eman diete bizilagunei belarriprest edo ahobizi gisa izen emateko. Baita auzoa edo kalea apaintzeko ere. Izan ere, Euskaraldia loratzen Lasarte-Orian kanpainaren asmoetako bat da herriko balkoi guztiak puntu bilakatzea. Horregatik banatu dituzte afixak, kolore askotako puntuekin, jendeak balkoian zintzilikatu ditzan. Euskara erabiltzeko hizkuntz ohiturak astindu ez ezik, herria ere puntu koloretsuz loratzeko.