Etxebizitzetan igogailuak jartzeko diru laguntzak emango ditu udalak

Txintxarri Aldizkaria 2018ko eka. 21a, 11:47
200.000 euroko diru sorta bat prest du, etxebizitzetan irisgarritasuna hobetzeko lanak laguntzeko. Iazko eta aurtengo obren aurrekontuaren %20 finantzatuko dute, 10. 208 euroko gehiengoa gainditzen ez badu, igogailuen kasuan

Lasarte-Oriako Udala lanean ari da herriko inguru guztiak egokitzeko, oztopo arkitektonikoak kentzeko  igogailu eta aldapatxoen bidez. Baina norbanakoei zuzendutako diru laguntza sorta bat ere abian jarri du, etxebizitzetan ere oztopo horiek gainditzen laguntzeko. Guztira, 200.000 euroko diru sorta prest du udalak, 2017-2018 ikasturtean egin diren obrak laguntzeko. 

Jesus Zaballos alkateak eta Agustin Valdivia Hirigintzako zinegotziak aurkeztu dute ekimena. "Jendea animatu nahi dugu obra horiek egitera, mugitzeko zailtasunak dituztenen bizi kalitatea hobetzeko", azaldu du Zaballosek. Laguntza horiek Eusko Jaurlaritzak ematen dituenarekin bateragarriak dira. 
Iaz zen diru laguntza ateratzekoa, baina atzeratu egin da. Horregatik, 2017an amaitu ziren obra guztiek izango dute aukera horiek eskatzeko. 2018. urtea ere kontutan hartuko dute, baina lanak urriaren 31 baino lehen amaituak egon beharko dira. 100.000 euro iaz eginiko egokitzapenentzako gordeko dituzte, eta beste zatia, aurtengoei. 
Hiru lerro ditu laguntzak. Denetan aurrekontuaren %20 finantzatuko da, baina gehienez ondorengo diru kopurua emango dute: batetik, igogailuak jartzeko 10.229 euro; bestetik, aldapatxoak jartzeko 1.803 euro; eta, azkenik,aulki gurpildunak garraiatzeko plataformak eraikitzeko 3.603 euro. 

Etxebizitza komunitate bakoitza hiru lerroetara aurkez daiteke. Alegia, laguntzak komunitate bakoitzari emango zaizkio, ez norbanakoari. Gainera, berdin-berdin eskatu ahal izango da egokitzapen horiek jartzeko laguntza Eusko Jaurlaritzari. Ez dira kontutan hartuko norberaren diru sarrerak. 
Laguntza horrekin etxeetan egokitzapenak egitea sustatu nahi du udalak. "Erraztasunak eman nahi ditugu,  irisgarritasuna hobetzeko", adierazi du Zaballosek.