"Etorkizuneko erronkak" zehaztuko ditu EH Bilduk

Txintxarri Aldizkaria 2015ko urt. 23a, 11:01
EH Bilduk urrian hasitako prozesu “parte-hartzaile eta irekiak” aurrera darrai. Bigarren fasean daude murgilduta orain, balorazio fasea amaitu ondoren. Datorren astean hiru saio antolatu dituzte astelehen, astearte eta asteazkenean, “etorkizunera begira” dituzten “erronkak” zehazte aldera.

Hiru saio horiek Udal Euskaltegian (Anbulategiko bigarren solairuan) izango dira; 19:00etan hasiko dira saio horiek guztiak. “2015eko udal hauteskundeei begira eta hurrengo agintaldian egin beharko dugun lana aintzat hartuta, gure etorkizuneko erronkak zehazteari ekin diogu. Horretarako antolatu ditugu hiru saio horiek datorren astean”, adierazi dute koalizio abertzaleko kideek.

"Lasarte-Oria 2030" 
“EH Bilduko udal arduradunek arlo desberdinen egungo egoeraren diagnostikoa egingo dute datorren astean, interesatuak dauden herritarrekin batera”, zehaztu dute. “Etorkizuneko herriak, Lasarte-Oria 2030, izan beharreko ezaugarriak finkatzeko” baliatuko dituzte hiru saio horiek.

Saio horietara bertaratu ezin dutenentzat edo etxetik ekarpenak egitea nahiago dutenentzat hainbat bide jarri ditu EH Bilduk: e-maila (lasarte@ehbildu.net) eta Twitter (@EHBildulasarte) zein Facebook (https://www.facebook.com/ehbildulasarteoria) kontu pertsonalak. 

Datorren astean egindako lanketa otsaila eta martxoan zehar martxan jarriko duen hirugarren fasean jorratuko du EH Bilduk.

Balorazio fasea, amaituta
Otsailean data bat zehaztu du jada EH Bilduk. Jakinarazi du plaza ireki bat antolatuko dutela otsailaren 3an (karteleko data okerra da) Manuel Lekuonako hitzaldi aretoan, 19:00etan. Egun horretan urritik hona burututako balorazio fasearen emaitzak aurkeztuko ditu herritarren aurrean. “Dagoeneko gauzatu dugu balorazio fasea; EH Bilduko kideek eta herritarrek hartu dute parte fase horretan”.

Horren harira, datu bat ere eman du koalizio abertzaleak: “540 herritarrengana iristeko aukera izan dugu, eskuz esku egindako hainbat inkestaren bitartez”. 

Behin lehen fasea amaituta, bigarrenari ekingo dio EH Bilduk datorren astetik aurrera. “Etorkizuneko Lasarte-Oriako erronkak” zehazten hasiko da.