Etorkinen gaineko estereotipo faltsuen kontrako kanpaina

Txintxarri Aldizkaria 2017ko urt. 20a, 10:13
Etorkinen gaineko estereotipo faltsuen kontrako kanpaina jarri du martxan Lasarte-Oriako Udalak.

Lasarte-Oriako Udalak eta herriko eragileek hainbat urte daramatzate jatorri eta kultura aniztasunaren inguruko lanketa egiten.

Gipuzkoako jatorri eta kultura aniztasun handienetako duen herria da Lasarte-Oria, eta herritarren arteko ezagutza, harreman eta aitortza areagotzeko, Anitzen Sarea martxan jarri zen 2013. urtean.
2016. urtean garatzeko ekintzen artean, jatorri eta kultura aniztasunaren inguruan dauden estereotipoak deseraikitzeko kanpaina bat egiteko beharra azpimarratu zen, baita herritarren arteko ezagutza areagotzeko espazioak sortzeko beharra ere nabarmendu zen.

Horri begira, Lasarte-Oriako hainbat eragileekin elkarlanean sei estereotipo nagusi identifikatu dira jatorri eta kultur aniztasunaren inguruan, eta zenbait datu kuantitatibo jaso dira estereotipo horiek guztiak zalantzan jarri eta hausnarketara bultzatzeko helburuarekin. Beste zenbait gairen artean, honako gaiak jaso dira; etorkinek lana kentzen dute? Gainontzekoek baino laguntza gehiago jasotzen dituzte? Ez dira integratzen?

Horiek argitu asmoz, herriko kaleetan zehar jarriko dira datu horietako batzuk, hausnarketa herriratu asmoz.

Horren ostean, eskuorri batzuk jarriko dira herritarren eskura, non estereotipo horiei erantzunak emango dizkien datu kuantitatibo batzuk emango diren argitara, baita informatzen jarraitzeko erreferentziazko gune eta eragileen informazioa, interesa duen edonorentzat.

Estereotipoak
Jende multzo bati buruz sortzen diren irudiak edo kategorizazioak dira, beraien itxura, jarrera, edo ohituren gainean egindakok, hain zuzen. Horrela, kolektibo horri buruzko iritzi sinplifikatu bat sorrarazten dute, negatiboa izan daitekeena eta modu negatiboan eragin dezakeena.

Horiekin oso lotuta daude oinarri fidagarririk izan ohi ez duten, eta mezu sinple eta zuzenetan oinarria duten zurrumurruak. eta hauen bitartez, estereotipo horiek guztiak elikatzen dira.