Espetxean gaixotasunarekin bizitzea

Txintxarri Aldizkaria 2016ko uzt. 28a, 12:00
Herriko Sare espetxean gaixo dauden presoen egoera salatu eta eskubideen trena zabalduz hainbat ekitaldi egiten dabil. Lasarte-Oriako Ibon Fernandez Iradiren kasua da horietako bat. Herritarrak esklerosi anizkoitza du eta ekainaren 22an kasazio auzitegiak erabaki zuen bere egoera berriz aztertzea. Bere gaixotasuna espetxearekin inkonpatiblea izan daitekeela aztertu nahi da.

Hiru herritar bildu zituen herriko Sarek gaixotasun kroniko batekin bizitzearen zailtasunak kalean zeintzuk diren azaldu eta espetxean izan daitekeenaz gogoeta egitera gonbidatuz. Hirurek argi dute euren gaixotasunarekin espetxean egotea “oso oso zaila litzatekeela”. Euren egunerokoan oinarrituz, “gaixo dauden presoak kalean beharko luketela” diote. 

Carlos Salvadorrek 1 motako diabetesa du. Intsulinaz gain, beti glukosa neurtzeko makina ibiltzen du gainean. “Lan egin eta bizitza nahiko arrunta egin dezakedala iruditu arren, asko zaindu behar dut elikadura, ariketa fisikoa egin eta noski, gaixotasunak hainbeste gaitz sor ditzakeenez, mediku ezberdinetara joan behar dut kontrolak egitera”. Hipogluzemia glukosaren beherakadak eragiten du eta “kalean egonda beti eramaten dut azukrea edo zerbait jateko” horrek glukosa igoera azkar bat eragin eta berriz ere kontrolpean jartzen dio gorputza. “Hipogluzemia bat eman eta inor inguruan edota jatekorik izan ezean, lau ordu pasata, koman edota hiltzeko arriskua dago”. Hau dela eta “oso garrantzitsua da eskura izatea beti beharrezkoak dituzun medikazio eta baliabide guztiak”.

Josefi Iribarrenek berriz, Artritis reumatoidea du eta honen ondorioz, biriketako fibrosia. Ezinezkoa du ibiltzea arnasa hartzeko laguntza behar duelako. Egunero 15 orduz oxigenoa jarri behar du. Horretaz gain, krisiak izaten ditu eta, horren ondorioz, egun batzuetan bere egoera asko kaskartzen da. “Gaitzarekin bizitzen ikasi dut, laguntza daukat etxean eta kalera irteteko motortxoa ere. Zailtasun fisiko asko ditut eta besoetan ere indarrik ez izatean, oso dependientea naiz. Min handiak ditudanean ohean besterik ezin dut egon medikazio askorekin”.  

Rafael Artetxek berriz, prostatako minbiziaren daramatza lau urte borrokan. Horretaz gain, diabetikoa da. Zaintza anitzak behar dituen arren, etxekoen laguntzaz bizitzen ikasi du. “Kimioterapia saioen ostean, etxean ere gaizki daramazu, botata egon nahi baina kimioak eraginda beherakoa, botagura… egunak behar izan ditut gorputzari buelta emateko. Ez dut pentsatu nahi espetxean nola bizi daitekeen hau”.

Familiaren babesa

Hirurentzat garrantzitsuena ingurukoen babesa eta laguntza dira, mediku zaintzez gain. “Espetxean beste batzuen menpe zaudela iruditzen zait eta ezin zara gaitzaren ondorioetara aurreratu adibidez. Baliabide guztiak eskura ditugu guk eta hala ere batzuetan ez dira nahikoak”. “Elikadura zaintzeko beste batzuek menu berezia onartu behar eta egin, ariketa fisikoa egiteko denbora eta espazio muga, medikura joatean, lotuta eta poliziaren aurrean, larrialdi baten aurrean zer egin dezakete?”. 

Kondena bikoitza

Gaitza beraren kontrola eta zaintzaz gain, argi dute funtsezkoa dela familia: “Gaitz hauei aurre egiteko edota hauekin bizitzen ikasteko familiakoak gertu izatea oinarrizkoa da. Zaintzeaz gain, maitasuna eta bizitzen jarraitzeko arrazoiak ematen dizkizute, bestela momentu askotan etsitzeko tentazioa pasatzen zaio norberari burutik. Behingoz minekin amaitzeko nahia dago. Espetxean egonda, oinarri horren faltan eta aurretik urte luzeetako kondena izanda, ez dut pentsatu nahi zer pasa dakiokeen burutik presoari. Kondena bikoitza da gaixo dagoen presoarentzat”. 

Hiruentzat gaixotasun kronikoak dituzten presoak kalean beharko lukete. “Hauek kontrolpean izateko hamaika modu daudela esango nuke, baina espetxean ezin dira gaixo egon, etxeko berotasunean behar dute gaitzarekin bizitzen ikasteko eta gaitzak sor ditzakeen arazoei aurre egiteko”. 

Medikuen etengabeko kontrola eta edozein zalantzaren aurrean telefonoz edo bertaratuta dena argitzeko lasaitasunak ere bizi kalitatea hobetzen laguntzen duela diote: “Espetxean sor daitekeen ezinegonak gaitza beraren ondorioak oker ditzakeela argi dago”.