Eskualdeko EH Bilduko hautetsiek GHK-ko buru ohiei babesa helarazi diete, eta EAJri eta PSEri eskatu diete “mendekuaren bidea” eteteko

Txintxarri Aldizkaria 2017ko aza. 7a, 11:40
Erraustegiaren proiektua geldiarazi zutelako, bide judizialetik jo du Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak Ainhoa Intxaurrandietaren eta Iñaki Errazkinen aurka. “Mendeku gosea dute”, salatu dute hautetsiek.

Eskualdeko EH Bilduko hautetsiek EAJko eta PSEko agintariei eskatu diete “mendekuaren bidea” eteteko, aurreko GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak “erabaki ausartak eta zilegitasun osokoak” hartu zituelako, “kanpainan adierazitakoa kontuan hartuz”. Lasarte-Orian bildu dira eskualdeko EH Bilduko ordezkariak, GHKko presidente ohi Ainhoa Intxaurrandieta eta GHK-ko kide eta Ingurumen diputatu ohi Iñaki Errazkin babesteko. Egungo GHK-k salaketa jarri du horien aurka, erraustegiaren proiektua geldiarazten saiatu zirelako. Villa Mirentxun hautetsien adierazpena irakurri dute Pablo Barrio eta Mertxe Aizpurua ordezkariek, eskualdeko hautetsi eta hautetsi ohiak atzealdean zituztela.

Erraustegia “finantza erakunde eta eraikuntza enpresa handien mesedetan” eginiko proiektua da, EH Bilduren ustetan. Eta hautetsiek oroitarazi dutenez, proiektuaren aurka kanpaina eginda irabazi zituen koalizioak 2011ko maiatzeko udal eta foru hauteskundeak. Hain zuzen, 2011n kargua hartu baino astebete lehenago, erraustegiaren proiektua FCC enpresari esleitu zioten, “presaz eta modu ilunean”, EH Bilduren hitzetan.

2013ko azaroan bertan behera utzi zuen aldundiak erraustegia egiteko kontratua, kontratistak eta GHK-k eginiko akordioari esker. Erabaki horregatik nahi dituzte orain zigortu Intxaurrandieta eta Errazkin. “EAJk eta PSEk zerbait argi uzten badute, elite ekonomikoekiko duten mendekotasuna da. Argi geratu da ez dutela eskrupulurik haien intereseko makroproiektuetan oztopo izan daitezkeenei erasotzeko. Eta hori mendeku gosea besterik ez da”, salatu dute EH Bilduko hautetsiek.