Eskolako jazarpenaren aurkako sarea osatuz

Iñigo Gonzalez Sarobe 2017ko urt. 20a, 12:04
Estatu mailako TAVE plataforma eratu du guraso talde batek Lasarte-Orian. Eskolan indarkeria jasaten duten haurrei eta familiei babesa ematea dute helburu.

Eskola orduetako jazarpenari aurre egiteko asmoarekin sortu zuten TAVE plataforma duela hilabete batzuk. 300 familia inguruk osatzen dute Estatu mailako erakunde hau. Mobilizazioak burutu dituzte zenbait hiritan. Besteak beste,  Bartzelonan, Salamancan, Zaragozan eta Donostian.

Lasarte-Orian ere pasa den igandean elkartu ziren 2016ko urtarrilean bere buruaz beste egin zuen Rebeca Rodriguez gazte bartzelonarra gogoratzeko.  Halaber, testua irakurri zuten urte honetan bertan hildako 13 urteko Lucia murtziarraren omenez.

Zabalkundea lortu nahian 
Helburu dute Lasarte-Orian, Gipuzkoan eta Euskal Herrian zabalkunda lortzea. Ez dira irabazi asmoko elkartea eta, horregatik, azpimarratu dute laguntza eskatzen duten familiek ez dutela ordaindu beharko. Azaldu dutenez, jazarpen kasuak azaleratzen direnean, askotan ez dakite nora jo. Urrats horietan laguntza emateko jaio da TAVE.

Adibidez, gaztetxoei babesa emateko asmoz, 'whatsapp' talde bat egin dute, euren kezka eta beldurrak adieraz ditzaten.

Jazarpena pairatzen dutenei laguntza emateko jaio da TAVE plataforma

Kontzientziazioa 

Indarkeriarekin amaitu ahal izateko, beharrezkoa ikusten dute pairatzen dituzten egoerak jakitera ematea. Horregatik, gizartea –herritarrak soilik ez, instituzioak eta hezkuntzako profesionalak ere– kontzientziatzearen garrantzia nabarmendu dute.

Jazarpena bera ez ukatzea eskatzen du TAVE-k, "erreala" baita. Halaber, nabarmendu dute "azkartasunez" erantzutearen garrantzia, "biktimak babestu eta jazarleen erasoak zuzentzeko".
Gogorarazi dute eskolako indarkerian rol desberdinak dauldela. Jazarriak diren horiei, biktimei, "askotan, lagundu beharrean, euren aurkako neurriak" hartzen direla zehaztu dute, eta "horrek ezin duela horrela izan".

TAVEko kideen ustez, jazarleek ere laguntza behar dute, "biolentziara jo ohi dutelako euren ahultasuna ezkutatzeko".   Erasoak ikusi eta, nahiz eta parte hartu ez, salatzen ez dituztenak "konplize" bihurtzen dira.

Maiatzaren 2an, bullying-aren aurkako eguna dela eta, ekintzaren bat egingo dutela aurreikusi dute. Halaber, 2004an bere buruaz beste egin zuen Jokin Ceberio gazte hondarribiarraren omenezko ekitaldia ere egiteko asmotan dira.

Harremana

TAVE plataformako kideekin harremanetan jarri nahi duen orok hainbat bide ditu horretarako. 678 129 669 telefonora deitu dezakete edo plataformatave@gmail.com helbide elektronikora idatzi. Sare sozialetan ere presente daude, Facebook, Twitter eta Instagram aplikazioetan, hain justu.