Errenta aitorpena euskaraz egiteko deia, herritarrei

Txintxarri Aldizkaria 2017ko api. 10a, 19:35
Diru kontuak gaztelaniaz egin ohi ditugu normalean. Ohitura falta, hitz teknikoak, segurtasun falta, etab. Hala ere, gero eta aukera gehiago dago errenta aitorpena euskaraz egiteko. Buruntzaldeako euskara zerbitzuek errenta aitorpena euskaraz egitera animatzen dituzte herritarrak eta horretarako, lehiaketa bat martxan jarri asmo dute

Errenta aitorpena egiteak etekinak ekartzen dizkio gizarteari; diru horrekin hainbat zerbitzu bermatzen dira. Baina euskaraz egiteak, balio erantsi bat du; gure hizkuntza eta horren erabiltzaileak indartzen dira.

Buruntzaldeako (Lasarte-Oria, Usurbil,  Hernani, Urnieta, Andoain eta Astigarraga) udaletako Euskara Zerbitzuek, urteak daramatzate errenta aitorpena euskaraz egin dezaten herritarrak animatzen. Horrela, urtez-urte, poliki-poliki badoa ere, errenta aitorpena euskaraz egiten duten herritarren kopurua goraka doa, eskualdean.

Martxa horri eutsi asmoz eta geroz eta herritar gehiago animatzeko helburuarekin, Buruntzaldeako facebook orrialdean, lehiaketa bat jarriko dute abian, eta mezua partekatzen dutenen artean, saria zozketatuko dute.

Nola egin errenta aitorpena euskaraz

Hiru modu daude errenta aitorpena egiteko, eta horietan guztietan erabili daiteke euskara hizkuntza:

1. Mekanizatua

Apirilaren 11etik ekainaren 5era har daitekeu hitzordua, eta hartzerako unean, Ogasunarekin harremanak euskaraz izan nahi dituzula adierazi beharko da. Ogasunarekin aurrez aurreko harremanak, nahiz eta telefono edo internet bidezkoak euskaraz izan daitezke, horrela eskatzen baduzu. Ogasunak sinatzeko ematen dizun orria ere euskaraz jaso daiteke.

2. Autolikidazio proposamena

Apirilaren 6tik ekainaren 26ra da onartzeko epea. Jasotako proposamena onartzerakoan, euskaraz egin nahi duzula esan, eta aurrerantzean Ogasunak agiriak euskaraz bidaliko dizkizu.

3. Internet bidezkoa

Aitorpenak aurkezteko epea apirilaren 18tik ekainaren 26ra da. Internet bidez eginez gero, errenta programaren euskarazko bertsioa jaitsi (internetetik) eta hobetsitako hizkuntza atalean euskara aukeratu.

Aholkularitza baten bidez egiten baduzu, adieraz iezaiozu aitorpena euskaraz egin nahi duzula.

Informazio gehiago nahi duen orok,  www.buruntaldea.eus atarian aurki dezake, bata eskualdeko Euskara Zerbitzuetan ere.