“Errementariak deabruak izorratzen; beti erakarri nau istorio horrek”

Adrian Garcia 2018ko mar. 21a, 12:58
Lasarte-Orian izan da Paul Urkijo 'Errementaria' filmaren zuzendaria, Okendo Zinema Taldearen eskutik. Manuel Lekuonan eman dute filma, eta ikus-entzuleen galderei erantzun die gasteiztarrak.

Paul Urkijoren (Gasteiz, 1983) lehen film luzea da, baina aurreikuspenak gainditzen ari da. Zirrara handia piztu du Errementari-k, eta ez da gutxiagorako; euskal zineman bide bat ari da urratzen, ez baitaude beldurrezko generozko pelikula asko. Filma galdutako euskalki arabarrean egin izanak ere ukitu berezia eman dio. Esan gabe doa; aktore talentudun mordoak parte hartu du (Kandido Uranga, Eneko Sagardoy, Uma Bracaglia...).

Lasarte-Orian ere Errementari-z gozatzeko aukera izan da, Okendo Zinema Taldeari esker. Baina ez hori bakarrik; Paul Urkijo zuzendaria bi aktorek lagunduta egon da Manuel Lekuona kultur etxean, ikus-entzuleen galderei erantzuten. TXINTXARRI-rekin egoteko ere tartetxo bat hartu du zuzendari gazteak.
Lehenengo film luzea duzu. Kosta egiten al da jauzia egitea film laburretatik? 
Nik argi nuen txikitatik zinemagilea izan nahi nuela. Film laburrak ikasbide bat izan dira. Istorio bakoitzak badu bere neurria, eta batzuk euskarri laburrean behar dute. Halere, lanbide honetaz bizi nahi baduzu luzeak egin behar dira, hor baitago merkatua.
Luzerari dagokionez, zertan nabaritu duzu aldaketa handiena?
Film laburra egun batean egin dezakezu. Gehienez, astebetean. Normalena hori da, nahiz eta batzuk denbora gehiagoan egiten duten. Film luzeetan grabaketak askoz ere luzeagoak dira, noski. Gure kasuan, zazpi aste izan dira. Psikologikoki aldea handia da; erresistentzia eta segurtasun handiagoa behar duzu. Jende asko duzu zure ardurapean, baita aurrekontu bat ere. Guztiz desberdina da. Normalean film labur batean ilusioak bultzatzen du. Film luzeetan ezin diozu eskatu taldeari ilusioagatik ordubete gehiago geratzeko. Orduak ordaindu egin behar dira, gizarte segurantza... Aurrekontu bat daukazu, eta horrekin moldatu behar zara.
Askoz ere gogorragoak izango zen filmatzea, ezta?
Bai, psikologikoki eta fisikoki. Zazpi astez egunero-egunero lan gogorra egin dugu. Dinamika batean sartzen zara, eta egunero da borroka bat. Halere, bi formatuak maite ditut; bakoitzak bere berezitasunak ditu.
Patxi Errementari ipuinean oinarrituta dago filma. Txikitatik oso gustuko zenuen. Zerk erakartzen zaitu istorio horretatik?
Etxean neukan ipuina txikitan. Ez dakit, gustatzen zait errementariak nola izorratzen dituen deabruak. Jatorrak iruditzen zaizkit deabru horiek, eta ez nekien zergatik portatzen zen horren gaizki haiekin errementaria.
Beti eduki al duzu buruan Patxi Errementaria-rekin film luze bat egitea?
Bai. Film labur asko egin ondoren, luze bat egiteko pausoa egin ahal nuela ikusi nuen. Patxi Errementaria ipuinak badauzka klabe batzuk, eta horiek garatzea interesgarria iruditu zitzaidan. Adibidez, zergatik da horren gaiztoa errementariaren pertsonaia? Zer pentsatzen dute deabruek? Horiek garatu nahi nituen, garai batean girotuta. Uste dut klabe interesgarriak dituela, horrore gotikozko ipuin estetikako pelikula bat egiteko; dibertigarria, beldurrezkoa, baina satirikoa eta umore beltzarekin.
Euskal zineman ez da gehiegi landu beldurrezko generoa.
Ez. Beldur hutsezko filmik apenas dagoen. Badaude pelikula mistiko batzuk, Pedro Oleak egin dituenak, adibidez. Baina genero hori sakonean ez da landu Euskal Herrian. Nik egia esan, hemengo zinemaz eta atzerrikoaz edan dut txikitatik. Hollywood eta fantasia generoko zinema gustatu zait betidanik. Kanpokoa hartu eta hemengoa kontatu dut.
Fantasiazko zinema izan da zure oinarria.
Erabat. Garai guztietako terrore filmak eta fantasiazkoak.
Zein lanek eragin dute gehien zugan? 
Pelikulak baino, zuzendariak aipatu nitzake: Murnau, Tod Browning, Terence Fisher, Jon Carpenter, Terry Gilliam, Peter Jackson, Steven Spielberg, Paul Verhoeven, Guillermo del Toro...  Eta beste asko. Zerrenda askoz luzeagoa da.
Aktore on asko bildu dituzu pelikulan. Nola izan da elkarlana haiekin?
Oso ona. Profesionalez beteriko hautaketa proba eduki dugu, eta gozamen hutsa izan da. Beteranoak zirenak hasiberrien ilusioarekin lan egin dute. Eta hasiberriak zirenek ere maisu lana egin dute. Oso gustura egin dut lan denekin. Kandido Urangarekin ez nuen zalantzarik; argi nuen protagonista izan behar zela. Txikitatik nuen buruan errementari rolean; euskal ogro ahots indartsua du.
Harribitxi bat ere aurkitu duzue, ezta? Uxueren rola bete du Uma Bracagliak.
Durangon 300 haur baino gehiagoko hautaketa proba egin genuen. Froga fisikoak egin genizkien; oihukatu egin behar zuten, eta jauzi egin. Munstro baten aurrean izutu egin behar ziren. Horien guztien artean atera zen Uma. Gozamena izan zen hura ikustea. Haur berezi bat nahi nuen; deabruari begietara izutu gabe begiratuko zion bat. Ausarta eta adoretsua. Gainera, filmaketan primeran portatu da. Oso gogorra izan da, oso fisikoa; zazpi astez grabatu dugu, neguan. Sua, munstroak, euria... Kexurik ez du izan, oso profesionala da.
David Heras lasarteoriatarra ere lanean izan da zuekin.
Aspaldi ezagutzen dugu elkar, efektu berezien teknikari oso ospetsua da. Pelikula oso handiak egin ditu. Nik haien enpresa ezagutzen nuen; orain enpresa berri bat sortu du, VFX. Fantasiazko film batek eduki behar duen maila bisuala oso altua da, zinema aretoetan dauden besteekin lehiatzeko. Normalean, enpresa oso indartsuek egiten dituzte; finantza muskulu handia dute, eta, horrenbestez, akabera ezin hobea izaten dute. Guk ere hori behar genuen, eta Davidi esker lortu dugu.
Galdutako Arabako euskalkian egin da pelikula. Nondik etorri zitzaizun ideia hori?
Argi nuen euskaraz izan behar zuela pelikulak, ipuina ere horrela delako. XIX. mendean dago girotua, eta sinesgarritasun hori lortzeko, euskara zaharrean behar zuen. Gorka Lazkanoren laguntza izan nuen. Euskaltzale petoa da, irakaslea eta laguna. Berak proposatu zidan: "Zergatik ez dugu arabarrean egiten?". Koldo Zuazoren liburuaren berri banuen, euskalkiei buruzkoa. Gustatu zitzaidan, eta Koldorekin geratu ginen. Laguntzeko oso prest zegoen, eta lanean hasi ginen. Ez da historikoki guztiz zorrotza; herri batzuetan geratu diren euskalkiak batu, eta Koldoren ikerketei esker atera dugu euskalki arabar hori. Historikoki ukitu polita ematen dio, eta ni arabarra izanda, asko pozten nau jendeari entzunaraztea. Bestalde, pelikulari oso puntu eta testura ederra eman dio.
Euskaraz egitea oztopo al da saltzerako orduan? Edo kontrara, originaltasuna ematen al dio?
Nire ustez balio erantsia ematen dio. Hasieratik txalotzen ziguten euskaraz izatea, filma hainbat tokitan aurkeztu dugunean. Originaltasuna ematen dio. Proposatu zidaten filma gazteleraz egitea, aktore famatuagoekin eta aurrekontu handiagoarekin, baina ez zitzaidan egokia iruditu. Ipuina euskaraz izanda, pelikulak ere hala behar zuen. Nortasuna eman dio. Saltzerako orduan ez dut arazorik izan hizkuntzarekin.
Gaztelerara bikoiztu dute. Asko galtzen al du jatorrizko bertsioan ez ikusteak? 
Bikoizketa lan oso ona egin dute, egia esan. Agian ñabardura batzuk galduko dira, baina berdin-berdin goza daiteke.