Erraustegiaren osasun arriskuak, agerian

Txintxarri Aldizkaria 2018ko mar. 9a, 11:30
Bi zientzialarik txosten bat aurkeztu dute Donostiako Medikuen Elkargoan, eta bere garaian erraustegiari eman zitzaion baimenaren gabeziak azaleratu dituzte. Haien arabera, baimen horrek ez du azpiegituraren inguruko herritarren osasuna bermatzen

Hitzartu prozesua martxan da, eta hasi dira dagoeneko informazio fasearekin. Hasiera honetan osasunaren gaiari heldu diote, eta adituak ekarri dituzte erraustegiaren arriskuei buruz hitz egiteko. Joan den astean CSIC Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko Fernando Palacios eta Eduardo Rodriguez Farre izan ziren Donostiako Medikuen Elkargoan;  Zubietako erraustegiari eman zitzaion baimenak dituen gabeziak bistaratu dituzte txosten batean. Haien arabera, hondakinak erretzeko azpiegiturak ez du inguruko herritarren osasuna bermatzen. Elkargoan aurkeztu dute txostena, baina ibilbide luzeagoa izatea espero dute; GuraSOS elkarteak EAEko Justizia Auzitegi Nagusian aurkeztuko du.  

GuraSOS elkarteak bultzatu du Hitzartu, hurrengo urteetarako hondakinen kudeaketa plan bat adosteko helburuz. Parte hartze prozesua hasi aurretik lau ardatz jorratuko dituzte: osasuna, demokrazia, ekonomia eta hondakinen kudeaketaren beste ereduak. Hain zuzen, GuraSOSek  eskatuta egin dute txostena  Espainiako bi ikerlariek, "inongo ordainsaririk gabe".  

Uste dute bere garaian erraustegiaren eman zioten Baimen Integralak badituela hutsune batzuk."Zubietako erraustegiari 2016ko apirilaren 11n emandako oniritziak ez ditu kontuan hartu hondakinen eta lohien errausketaren ondorioz sortzen diren hainbat substantzia kutsatzaile", esan du Joseba Belaustegik, GuraSOS elkarteko kide eta abokatuak. 

Palacios ikerlariak argi hitz egin du: "Baimenak araudia urratzen du, ez baita sortuko diren konposatu kaltegarrien zerrenda zorrotza eta osatua egin".  Farre epidemiologoak, berriz, nabarmendu du konposatu kaltegarrien emisioei mugak jartzea ez dela nahikoa. "Ez du bermatzen kalteak saihestea".