Erraustegiaren aurkako mobilizazio-egun berria Hernanin

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urr. 27a, 20:00
Erraustegiaren kontrako Mugimenduak eta Gipuzkoa Zutik-ek larunbatean Hernanin bertan erraustegiaren aurka egingo dituzten ekintzetan parte hartzeko deialdia egin zuten asteartean.

Erraustegiaren kontrako Mugimenduak eta Gipuzkoa Zutik-ek larunbatean Hernanin bertan erraustegiaren aurka egingo dituzten ekintzetan parte hartzeko deialdia egin zuten asteartean.

Bi ekintza nagusi eramango dira aurrera FCC eta GHKra martxa eta erraustegiaren zorraren festa.

FCC eta GHKra martxa

Gipuzkoako Hondakin Kontsortzioak Zubietako erraustegiaren eraikuntza laster esleitzeko asmoa duela eta, haren egoitzaraino protesta-martxa egingo da, Plaza Berritik 12:00etan abiatuta.

Antolatzaileek jakitera eman dutenez, “martxa zaratatsua izango da; beraz, parte-hartzaileei zarata ateratzeko era guztietako tresnak eramatea eskatzen zaie”. Erraustegiaren gaia “oso serioa den arren azken batean gipuzkoarron osasuna dago jokoan, larunbatean ez da umorea falta izango. Izan ere, martxa GHKren aurrean parodia batekin bukatuko da”.

Martxan zehar, FCCko egoitzetako bat ere bisitatuko da. FCC erraustegia eraikitzeko eta kudeatzeko eskaintza egin duten enpresetako bat da. FCC bisitatuz, “diru trukean gipuzkoarron osasuna eta poltsikoa ere arriskuan jartzeko prest dauden enpresak” salatu nahi dituzte Erraustegiaren kontrako Mugimenduak eta Gipuzkoa Zutik ekimenak.

Erraustegiaren zorraren festa

Bestetik, martxa amaitzean, Erraustegiaren Zorraren Festa egingo da.

14:00etan hasiko da, herri-bazkariarekin.

Bazkalondoan, berriz, bertsolariak, poesia haur-jolasak, margoketa-lantegia eta beste animazio batzuk egongo dira.

Musika ere ez da faltako, DJ Miau, Morau eta Duo d’Oportoren eskutik.