Zubietako erraustegiaren proiektua, lasarteoriatarren kezka-iturri

Txintxarri Aldizkaria 2016ko aza. 24a, 17:30
GuraSOS taldeak antolatuta, 'Lasarte-Oria +: osasuna eta adostasuna' mahai-inguruan hartu zuten parte hainbat herritarrek atzo arratsaldean, Landaberri BHIko musika-gelan. Zubietako errauste plantaren egitasmoa, hondakinak errausteak osasunean eragin ditzakeen kalteak, gizartea mobilizatzearen garrantzia, erraustegiak herritarrengan eragiten dituen kezkak...hainbat gai jorratu zituzten, luze eta zabal.

"Erraustegia egitea irtenbide azkar bat da, baina ez arazoaren konponbidea; atzerapen bat da". Argi eta garbi mintzatu zen atzoko mahai-inguruan Iñigo Suberbiola OEIT elkarteko medikua. GuraSOS taldeak antolatutako 'Lasarte-Oria +: osasuna eta adostasuna' mahai-inguruko hizlarietako bat izan zen. "Ez dugu etsi behar: Txingudiko proiektua geratu zenean, jada saihestezina dirudien Zubietako baino aurreratuagoa zegoen. Lanean jarraitu behar dugu", gehitu zuen.

Alor desberdinetako hizlariak aritu ziren solasean atzoko mahai-inguruan: arestian aipatu bezala, Iñigo Suberbiola medikua, Maite Labiano sendagilea, Domi Insausti hainbat urtez erizain izandakoa eta Juan Luis Murua parrokoa. Horrez gain, Landaberri zein Sasoeta ikastetxeetako hainbat irakaslek ere hitz egin zuten. Baina ez horiek bakarrik. Izan ere, solasaldira gerturatutako herritarrek euren galderak eta kezkak plazaratu zituzten hizlariekin, informazio hartu-eman interesgarria sortuz.

Erraustegia, gaixotasunak eta haurrak

OEIT Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak alor horiei buruz mundu mailan egin diren ikerketak aztertu eta kalitatekoak diren ala ez ikertzen du. Bertako kideetako bat da Iñigo Suberbiola herritarra. "Guretzat baliotsuenak dira kalitatezko ikerketa multzo bat hartu eta horien bueltan egiten den azterketa; berrikuspen sistematikoa deitzen zaio horri". Errausketa eta osasunari buruzkoak ere badaude, Suberbiolak jakinarazi zuenez. 2010eko batek mundu mailako hamalau ikerketa biltzen ditu. Suberbiolak horietan jasotzen diren zenbait datu plazaratu zituen: "Erraustegietatik gertu bizi diren biztanleek aukera gehiago dituzte erbi-ezpainak, giltzurrunetako displasiak edota sortzetiko malformazioak pairatzeko, erditze goiztiarrak eta abortuak areagotu egiten direla, eta hamar kilometro edo gutxiagoko erradioan [Lasarte-Oria eremu horretan dago] minbizi kasuak %3-4 inguru igotzen dira, batez beste".

Maite Labiano sendagileak haurrengan jarri zuen fokua: "Gaztetxoak dira zaurgarrienak, erraustegiek igortzen dituzten partikulek haiengan izugarri eragiten dute, sistema inmunologikoa ez daukatelako helduek bezainbeste garatuta, eta dosi-pisu proportzioa altuagoa dela ere aintzat hartu behar da". Bestalde, uste du zaborra erretzen hasiz gero, "ondorioak jasatea" besterik ez zaiela geratuko herriari: "Hobe da aurreikustea, egin eta gero damutzen hasi baino; tabakoa eta amiantoak osasunean eraginik ez zutela ere esaten zen, eta frogatu da hori ez dela horrela".

Erraustegiaren proiektuak sortzen dizkion kezkak jaso eta herritarrekin partekatu zituen Domi Insausti erizain ohiak. Gas eta partikulen emisioen kontrolen ingurukoa, adibidez: "Irakurri nuen Bilboko Zabalgarbi errauste plantan dioxina-mailak urtean lautan kontrolatzen direla; Zubietan erraustegia eraikiko balute, kasu hipotetiko horretan, kontrol gehiago eta publikoak egin beharko liratekeela pentsatzen dut. Horrek asko kezkatzen nau, ea emisio horiek kontrolak nola egingo liratekeen, eta nork".

"Aukera desberdinak gehiago eztabaidatzea falta da"

Azpititularrean irakur daitekeena da Juan Luis Murua parrokoak atzo egin zuen gogoetetako bat. "Faltan botatzen dudana da gehiago eztabaidatzea hondakinekin egin daitekeenari buruzko aukerei buruz, ez hainbeste ondorioez. Irakurri ditut aukera desberdinak, baina horien inguruan gehiago hitz egitea falta da".

"Herritar multzo batek hitz egiten du erraustegiaren gaiari buruz, eta beste batek ez. Gaia aztertzea ere ez da erraza, entzuten direlako datu batzuk, beste batzuk ere bai, eta herritarrek pentsatu ahal dute: 'Egia non dago?'. Politikarien artean eztabaidatzen dira horrelako gaiak, eta horrek are gehiago nahasten du", adierazi zuen Muruak. 

Hondakinak kudeatzeko aukera desberdinei buruz jarduterakoan, honakoa adierazi zuen Suberbiolak: "Munduan hondakinekin zer egiten da? Horri askoz gehiago erreparatzea falta zaigu; ez dugu gurpila asmatu behar, eredu baliogarri asko daude".

Hezkuntza munduko profesionalen kezkak

2,4 kilometro. Hori izango litzateke Zubietako balizko errauste plantatik urrutien legokeen Lasarte-Oriako ikasketa zentroa: Lasarte-Usurbil BHI institutua, hain justu. Beste guztiak gertuago leudeke: Landaberri LHko eraikina 1,4 kilometrora; Andre Joakina Enea haurreskola 2,1era; Sasoeta-Zumaburu HH eta LH eta Landaberri BHI 2,2ra; eta Garaikoetxea-Landaberri HH eta LH, 2,3ra. Ez da harritzekoa alor horretako profesionalak ere arduratuta egotea.

Gauzak horrela, Landaberri eta Sasoeta-Zumaburu ikastetxeetako hainbat irakasle ere joan ziren mahai-ingurura. Landaberrikoek jakinarazi zuten, "oso kezkatuta" daudela erraustegiaren proiektuarekin. Hezkuntza Sailari gutun bat bidali zioten maiatzan, eta oraindik ez dute erantzunik jaso, atzo adierazi zutenez.

Sasoeta-Zumaburukoek paradoxa bat azaleratu nahi izan zuten: "Haurrei irakasten saiatzen garena eta hondakinak kudeatzeko modu honen artean kontraesanak daude. Saiatzen gara haiei azaltzen ahalik eta hondakin gutxien sortu behar dela, birziklatzen saiatu behar dela, urtean zehar ingurumen-gaiekin lanketa bat egin eta gero udalbatzar batean plazaratzen zaie udal ordezkariei, baina, gero, benetan zerbaitetarako balioko ote du lan horrek erraustegia jartzen badigute? Ikasleek esan ohi duten moduan, 'tximinia handi bat daukan fabrika' hori jarriko digute eta dena hara eramango dute".

Maite Labiano sendagileak ere gogoeta interesgarri bat plazaratu zuen: "Hondakinak erretzeak ez du hezten, ez zarelako kontzientze benetan sortzen duzun zabor guztiaz".

Solasaldira gerturatutako hainbat herritarrek ere euren iritzi, galdera eta kezkak partekatu zituzten hizlariekin. 

Manifestazioa larunbatean

Atzokoa ez da izan GuraSOSek asteon antolatuko duen ekintza bakarra. Larunbatean manifestaziora deitu du: Donostiako Araba plazan (EuskoTren geltokiaren alboan) jarri du hitzordua, 17:00etan. Taldeak jakinarazi duenez, 50 bolondres behar ditu manifestaziorako. Interesa daukanak komunikazioa@gurasos.org helbide elektronikora idatzita jar daiteke harremanetan antolatzaileekin.